Itxi

Larunbatean Kordobaren aurka

Lasarte: "Diferentzia polita da, baina ez erabakigarria"

Ander Altuna

Zubieta

Igotzeko hautagaitza sendotzeko Kordoban hiru puntuak lortzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du entrenatzaileak.

Denbora darama Realak hiru puntuak eskuratu gabe Anoetatik urrun. Bi hilabete, hain justu. Horregatik eta oraindik helmugara iristeko urratsak eman behar dituztelako Kordobako lehiak duen garrantzia nabarmendu du Martín Lasartek gaur Zubietan. "Ez dugu deus lortu eta irteera hau inportantea da. Kontrarioek etxean jokatu ohi dute gu kanpoan aritzen garenean eta emaitza on bat lortuz gero haiengandik aparte jarraituko genukeen. Diferentzia polita kentzen diegu, baina ez da erabakiorra".

Balaidosen jaso zituen bi besoak azkenengoz talde txuri-urdinak. Urtarrila erdialdean izan zen. Harrezgero pilatutako uzta eskasa izan da: hiru berdinketa eta porrot bat. Entrenatzaileak onartu duenez, "kanpoan irabazteko galtzak bete lan ditugu", baina itsaropentsu agertu da taldeak sentiarazten dionagatik. "Sendotasuna transmititzen dit taldeak. Lan giroa ederra da oso".

Partida bateko zigorra beteko du Lasartek Arcangel Berria zelaian. Ondorioz, bigarren entrenatzaile Alberto Iturralderi dagokio aginduak ematea. "Luze eta zabala aritzen gara futbolaz mintzatzen Alberto eta biak eta bere jardunean uste osoa dut". Harremanetan nola jarri zehaztu behar dute oraindik ere. "Segapotoa ez da praktikoa. Beste zerbaitetan pentsatzen ari naiz".

Bihar osatuko du Realak azken saioa eta ondoren Kordobaruntz abiatuko dira. Dani Estrada eta Labaka izan ezik, gainontzekoak deialdian sartzeko aukera du entrenatzaile uruguaitarrak.

Albisteak (1)