Bide onena
Mikel Gonzalez: "Orain arteko lan onari bukaera eman behar diogu"
Ander Altuna
Zubieta
Herculesen kontra garaipen baliotsua lortu arren, helburua lehenbailehen patrikaratzea da txuri-urdinen kezka bakarra.
Inor baino lehenago helmugara iristeko benetako urratsa eman zuen atzo talde gipuzkoarrak. Hondamendi batek baino ez lukeen esku hutsik utziko, baina hau futbola da eta halakoak gertatzen dira. Ez dago Herculesen ibilbidea baino adibide argigarriagorik. Orain hilabete, 11 puntu kentzen zizkion laugarren sailkatuari eta gaur Betisek garaipena eskuratuko balu puntu bakarrera murriztuko lioketen tartea. Mikel Gonzalezen arabera, "11 neurketa gelditzen dira eta gaur gaurkoz baturikoarekin ez gara igoko. Orain arteko lan onari bukaera eman behar diogu". Berandu baino lehen helburua finkatzea litzatekeen gomendagarriena. Horretarako, etxetik kanpoko itxura aldatu beharrean dira.
Izen bereziak utzi zituen atzoko neurketak. Horietako bat, Nsuerena. Hilabete eta erdi zeraman hamaikakoan tokia izan gabe eta garaipenaren golarekin itzuli zen. Nolanahi ere, aho zapore gazi-gozoarekin esnatu da gaur. "Alde batetik, poz-pozik nago garaipena oso zelako garrantzitsua, baina bestetik, ez nuen neure lana txukun bete eta ez nago gustora. Denbora neraman hasieratik jokatu gabe eta nabaritu nuen, makal aritu nintzelako".
Kontrario zuzen guztiak garaitu ditu Anoetan Realak. "Txapelketako talderik onena gara. Guzti-guztiak hartu ditugu mendean eta gainera nagusi izan gara", azpimarratu du jarraian mallorkarrak.
Heldu den astelehenean, Huelvan jokatuko dute txuri-urdinek. Bihar atseden hartuko dute eta etzi hasiko dira lehia hori prestatzen.