Zubietan
Reala: Oreka topatu nahian
Ander Altuna
Zubieta
Dani Estrada taldera itzuli da gaur eta Labakari ere ez zaio asko falta baloia ikutu baitu.
Etxeko sendotasun eta kanpoko ezintasunaren artean oreka topatzea da txuri-urdinen erronka hurrengo jardunaldiei begira. Anoetan jokatzen duen taldeak ez du inolako zer ikusirik ondoren kanpoan aritzen denarekin eta horren zergatiez galdetzean nekez topatzen dute argibiderik aldagela barruan. "Ez naiz azalpen garbirik emateko gai. Pasa den urtean etxetik kanpo aritzen ginen erosoen eta etxean ezin genuen irabazi. Aurten kontrakoa gertatzen ari zaigu" dio Xabi Prietok. Carlos Bueno aurrelariaren arabera, "etxean oso txukun ari gara, kanpoan berriz kaskar eta hain justu, hainbeste ez aldatzen ahalegindu behar gara. Horregatik da garrantzitsua Huelvako lehia". Helburua lortzetik gertu dira gipuzkoarrak, baina 70 puntuko mugarria lehenbailehen gainditzeko Anoetatik urrun ere puntuak pilatzen hasi behar dute.
Entrenamenduari dagokionez, min hartutakoak izan dira notizia. Batetik, Dani Estrada aurreneko saioa burutzeko gai izan da orain hiru hilabete meniskoan hautsia izan eta gero. Apurka apurka entrenamenduetako lana pilatzen hasiko da eta aste gutxiren buruan Martin Lasarte entrenatzaileak zerrendan sartzeko aukera izango du. Bestalde, Mikel Labaka errekuperazio lanean aritu da, ongi aritu ere, baloia ikutzeko kapaz izan baita eta azpeitiarrari dagokionez berandu baino lehen jokalari-multzora itzuliko da.
Azkenik, gaur jakinarazi du talde txuri-urdinak Albaceteren kontrakoa hilaren 17an jokatu dutela, larunbatez 18:00etatik aurrera.