Larunbatean, 18:00etan
Reala-Albacete: Etxean bezala, inon ez
Ander Altuna
Zubieta
Etxetik kanpo kale egin ostean, Anoetan bosgarren garaipena eskuratu nahirik zelairatuko dira gipuzkoarrak.
Garaipena lortu beharraren presiopean jokatuko du bihar Realak Albaceteren kontra. Etxetik kanpo huts egitearen ondorioetako bat da. Hori bai, ez dirudi aparteko eraginik izan duenik horrek orain arte, besteak beste, lau garaipen segidan lortu dituelako Nastic, Numantzia, Levante eta Hercules mendean hartuz. Zama handiko neurketak izan ziren horiek guztiak, batez ere ez irabazteak sor zezakeen urduritasunagatik, baina ezinhobeto moldatu dira txuri-urdinak egoera horretan. Horregatik da talde fidagarria Anoetan. Inork ez dio deus oparitu, euren lanaren fruitua baino ez da izan.
Mailari eusteko borrokan sartuta dago bete-betean Albacete eta arnasa hartzen jarraitzeko hiru puntuak derrigorrezkoak ditu. David Vidal entrenatzailearen etorrerak mesede egin dio. Lau neurketatan zazpi puntu ateratzeaz gain, konfiantza gaindosi bat izan da gaztelarrentzat. Etxetik kanpo hori bai, talde desorekatua da: gol gehien sartu eta Cadizen atzetik gehien hartu. Hori baliatzen ahaleginduko dira txuri-urdinak erosoen sentitzen diren eskenatokian, Anoetan.
Zubikarai zigortuta dagoenez, Sanseko Mandaluniz atezaina sartu du Lasartek zerrendan. Esan beharrik ez dago, Riesgok hasieratik aritzeko beste aukera bat izango duela. Itzuli oso bat darama minuturik jokatu gabe, baina maila handiko atezaina da, eskarmentua duena eta alde horretatik ezin lasaiago daude taldean. Horretaz aparte, Labaka itzuli da lau asteren ondoren Esnaolaren tokia hartuz. Oriotarrak ez du entrenatzeko modurik izan ondoezik baitzegoen.
Riesgoz gain, Griezmannen parte hartzea izango da hamaikakoko beste berritasuna. Estradaren partez ariko da frantziarra.