Itxi

Porrota Anoetan

Realak hiru puntuak oparitu dizkio Getaferi, partida tristea jokatuta

Leire Etxazarra | eitb.eus

Leer en Castellano

Donostiarrek itxura oso txarra eman dute Anoetan, eta Getafe Carlos Velak egindako golari buelta emanteko gai izan da. Madrildarrek urtarriletik zeramaten garaipenik lortu gabe.

Mikel Oyarzabalek ezin izan du golik egin bere urtebetetze egunean. Argazkia: Efe.

Realak irudi eskasa eman du Anoetan Ligako azken sailkatuaren aurka, Esnaiderren Getaferen aurka, hain zuzen. Madrildarrei nahikoa izan zaie aukera sorta bat sortzea markagailua iraultzeko eta hiru puntuak poltsikoratzeko.

Eusebioren taldeak, hala ere, ondo hasi du neurketa, konfiantzaz eta jokoa kontrolatuz. Getafe, berriz, urduri aritu da. 19. minutuan guztia alde jarri zaie donostiarrei, Carlos Velak egindako golari esker. Mexikarrak ondo aprobetxatu du area barruan jaberik gabe geratu den baloia, Oyarzabal gazteak egindako erdiraketaren ostean.

Baina taldea bultzatu beharrean, golak gipuzkoarrak lokartu ditu, Anoetara joan diren zaleen haserrea piztuz. 39. minutuan,  Esnaiderren mutilek sekulako aukera izan dute berdinketa lortzeko Iñigo Martinezek huts galanta egin ostean, baina Buendiaren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik, bigarren zutoinean bakar-bakarrik zegoenean.

Getafek aurrera egin du, eta azkenean banakoa sartzea lortu du lehen zatiko azken minutuan. Sarabia bakarrik geratu da bigarren zutoinean eta denboraldiko bere seigarren gola egin du.

Penaltia eta Getaferen bigarrena

Bigarren zatiko hamargarren minutuan hartu du Realak norgehiagokako bigarren kolpea. Epaileak argi ikusi du Olazabalek Alvaro Vazquezi egindako penaltia, eta Alvarok berak egin du gola, penalti puntutik jaurtita. 1-2 madrildarrentzat.

Realak tentsio eta gogorik gabe jokatzen jarraitu du, eta, jarrera hori ikusita, zaleak txistuka hasi dira. Getafek izan du beste gol bat egiteko aukera gehien, gipuzkoarrei asko kosta baitzaie Guaitaren atera iristea.

Azkenean, 1-2 Reala galtzaile.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Olazabal; Elustondo, Mikel, Iñigo Martínez, De la Bella; Pardo (Granero, 59. min), Bergara (Xabi Prieto, 77min), Zurutuza; Vela, Oyarzabal eta Jonathas (Bruma, 59. min).

2 - Getafe: Guaita; Roberto Lago (Miguel Ángel, 16. min), Juan Rodríguez, Vergini, Vigaray; Sarabia, Lacen, Medrán, Buendía, Moi Gómez (Víctor, 84. min); Álvaro (Stefan, min. 61).

Golak: 1-0, 19. min: Carlos Vela. 1-1, 45. min: Sarabia. 1-2, 58. min: Álvaro.

8. min: Álvaro.

Albisteak (3)