Itxi

Igandean, 12:00etan

Cartagena-Reala: Ibilia zuzentzeko garai egokia

Ander Altuna

Zubieta

Cartagonovan hautsi nahi du Realak etxetik kanpoko bolada eskasa. Zubikarai, Markel, Songo'o eta Viguera dira deialdiko berritasunak.

Sailkapenaren mahai gainea ukabilkada eman nahian abiatu dira txuri-urdinak Murtziara. Horretarako, bi kontrario gaizto garaitu beharako ditu: batetik, ezintasunaren poderioz etxetik urrun sorrarazi dituen mamuak, eta bestetik, talde boteretsu bat. Konfiantzaz eta baikortasunez beteriko mezua bidali zien atzo Lasartek bere jokalarie. Hanka sartzeak non nahi topa daitezke Anoetatik kanpoko azken lehietan eta Soriako edota Vallecaseko adibideetan oinarrituz, mailarik onena ematen ahaleginduko dira hauek.

Askoren usteak usteldu ditu Cartegenak, ez baitu bere ibilian beherakada nabarmenik izan. Erabateko kontzentrazioz jokatu beharraz hitz egin zuen atzo Ansotegik. Zuzen dabil. Toche, Victor eta De Lucasek osatzen duten hirukoak bakarrik, 34 gol sartu ditu eta horiek kate motzean lotu ezean nekez aterako da gailen Reala Cartagonova zelaitik. Lan defentsiboa eraginkorra bada, irabaztetik gertuago izango dira ziur.

Badira berritasunak Lasartek osaturiko jokalari-zerrendan. Mandaluniz eta Illarramendi beheko taldera itzuli dira. Bueno, aldiz, min hartu da eta entrenatzaileak nahiago izan du Estrada kolonbiarra kanpoan utzi. Zubikaraik, Markelek, Viguerak eta Songo''ok hartu die lekukoa. Lau horien artean, atezainak baino ez du hasieratik jokatzeko aukera. Hain zuzen, galdera nagusiak horretan datza: nork jokatuko du, ondarrutarrak ala Riesgok? hortik aurrera, ez dirudi aparteko iraultza egingo duenik teknikariak. Agirretxeren parte hartzea ziurtzat jotzen da Buenoren tokian eta baliteke usubildarraren atzetik Nsuek jokatzea. Zurutuza ez dago sasoi betean eta Lasartek berak atzo aurreratu zuen mallorkarra erditik aritu zitekeela.




Albisteak (2)