Itxi

Ostiralean, azken sailkatua

Zubikarai: "Aurkaria niri bost, irabazi beharra daukagu"

Ander Altuna

Zubieta

Castelloren kontrako lehia prestatzen hasi dira gaur txuri-urdinak. Zaintiratu bategatik Markelek ez du jokatuko eta Gonzalezen parte hartzea kolokan dago ezker orkatilean min baitu.

Castelloren kontrako lehia (ostirala 21etan) prestatzen hasi dira gaur txuri-urdinak. Zaintiratu bategatik Markelek ez du jokatuko eta Gonzalezen parte hartzea kolokan dago ezker orkatilean min baitu.

Txapelketa amaitzeko sei partidaren faltan berdin dio Anoetara bisitan nor datorren eta zein egoeratan iritsiko den. Lasarteren mutilen eginkizun bakarra hiru puntuak eskuratzea da sailkapeneko postuak albo batera tusita. Hori nabarmendu du gaur Eñaut Zubikarai Zubietan. "Partidaz partida goaz eta niri bost axola zait zein datorren. Azkena izan edo bigarren sailkatua berdin-berdin irabazi behar diogu. Sei neurketa baino ez dira gelditzen, geure esku dago helburua lortu ahal izatea eta ezin dugu beste ezertan pentsatu. Edozein menderatzeko gai garelako eskuratu dugu lehen postua eta bide horretatik jarraitu behar dugu".

Cartagenak eta Levantek bi puntu jan dizkiete gipuzkoarrei, baina Betisek eta Elchek kale egin ostean jardunaldia oparoa izan liteke baldin eta Herculesek ez badio Kordobari irabazten. Dena den, Ondarroako atezainarentzat, begirada guztiak aldagela barrura bideratu beharko liratekeen. "Puntu asko gelditzen dira eta nik ez nukeen inor baztertuko. Hala ere, besteek zer egiten duten ez dit ardura geure esku dagoelako igoera postuetan amaitzea. Beste zelaietara begira baino, geureari eutsi behar diogu. Irabazi eta kito".

Beste alde batetik, Emilio Nsuek bere talde ohiaren kontrakoa izan du hizpide. "Bakarren batekin hartu emanetan jarri naiz eta jakin badakite egoera zailean daudela. Hori bai, konfiatuegi ateratzeak ez irabaztea dakar, beraz ezin dugu akats hori egin. Lehenbiziko minutuetan gola sartzeak bidea samurtuko liguke".

Entrenamenduari dagokionez, albiste mikatzak. Markelek min hartu du, zaintiratua eskuin izterrean, eta Lasartek ezingo du bere izena aintzat hartu. Horretaz aparte, Gonzalek kili-kolo ekin dio asteari Gal estadiotik lesionatuta bueltatu baitzen. Bihurritu arina du ezker orkatilean eta ondorengo egunak erabakiorrak izango dira bere parte hartzea ziurtatu edo baztertzeko. Songo’ok ere ezin izan du saioan parte hartu gaixorik zegoelako, nahiz asteburura iristeko ez duen arazorik izango. Azkenik, Asier Riesgori gaur egingo diote ebakuntza ezker eskuan eta zortzi bat aste beharko du bere onera itzultzeko.



Albisteak (1)