Ruiz de Lopera
Betis-Reala: Dani Estradaren irria
Ander Altuna
Zubieta
Deialdian sartu da zarauztarra lau hilabeteren ondoren. Hamaikako errepika lezake Lasartek bihar Ruiz de Loperan.
Gaur goizean osatu du talde gipuzkoarrak partida aurreko azken saioa Zubietan eta jada Sevillara bidean dira. Entrenamenduaren ostean eman du ezagutzera jokalari-zerrenda Lasarte entrenatzaileak eta bada berritasun azpimarragarririk: Estradatarren arteko aldaketa. Danik lekukoa hartu dio Jonathani aspaldiko partez.
Urtarrileko lehenbiziko asteburuan meniskoa hautsi zuen zarauztarrak Vila-Realen zelaian eta harrezgero berragertzeko lanean aritu da. Oso bestelakoak izan dira berarentzat ligako bi itzuliak. Lehen erdian minutu guztiak jokatu zituen, baina bigarrenean berdegunetik kanpoko partida lehiatu behar izan du belauneko lesioaren erruz.
Hasierako hamaikakoan ez da aldaketarik espero, nahiz aurrelari postua betetzeko bi hautagai egon: Agirretxe eta Nsue.
Gainerakoak, Castelloren kontra lerrokatutako berberak izango dira. Zubikarai, Martinez, Ansotegi, Gonzalez, De la Bella, Rivas, Aranburu, Griezmann, Prieto, Zurutuza. Elustondok tokia izan ote zezakeen aipatu da Zubietan, baina entrenatzaileak berak muzin egin dio aukera horri baldin eta bere hitzak jaten ez baditu noski.
Astelehenean itzuliko dira txuri-urdinak etxera. Aurrez, geldiunea egingo dute Zubietan indarrak berreskuratzeko.