Kontrako zenbakiak Cadizen
Cadiz-Reala: Tradizioa birrintzeko unea
Ander Altuna
Zubieta
Zelai madarikatua da Cadizena txuri-urdinentzat. 13 neurketa jokatu ditu orotara eta ez du garaipena ezagutzen.
Ohitura bihurtu da Realak Carranzan ez irabaztea. Zazpi berdinketa eta sei porrot. Horra hor bertatik pilatutako uzta eskasa. Tradizioak ere parte hartu ohi duelako kirol honetan. Nola azaldu bestela estatistika ezkor horiek? urteak igaro arren, belaunaldi oso ezberdinetako jokalariak aritu arren, bi ligak irabazi zituen taldeak jokatuagatik ere berdin da. Ezin garaipena eskuratu. Horregatik, historia berridazteko garaia heldu zaie txuri-urdinei. Indarberritutako arerio bati egin beharko dio aurre igoera ziurtatu lezakeen garaipena patrikaratu baino lehen.
Behetik gora egin du nabarmen Cadizek Esparragok aginte makila hartu zuenetik. Zenbakiek hori diote behintzat: 14 puntu atera dituzte azken zazpi partidetan, Levantek baino ez du kopuru hori hobetzen (16), eta etxean gainera, fidagarritasuna berreskuratu dute azken zortzi neurketetan bost garaipen eta hiru berdinketa lortu ostean. Horri guztiari esker, salbaziotik garaipen bakarrera gelditu dira. Denboraldiko unerik gozoena bizi dute inondik ere eta Realaren jokoak Sevillan erakutsitakoaren antzekoa beharko du izan ezer urratu ahal izateko.
Lasartek Martinez berreskuratuko du partida bateko zigorra bete ostean eta baliteke barruko jokoa indartzea Elustondo sartuz Zurutuzaren ordez. Beasaindarrak gainditu ditu orkatilean izandako arazoak eta aurreko bi neurketatan minutuak izan ditu erritmoa bizkortzeko. Ongi egon den bakoitzean uruguaitarrak hasierako taldean sartu du.