Ander Altunaren analisia
Realaren igoera: Garaipenik desiratuena
Ander Altuna
Cadiz
Hiru urtez basamortuko zeharbidea igarota Izarren Ligara bueltatu dira gipuzkoarrak.
Cadiz izan zen azken geltokia, nahiz etxera iritsi ahal izateko urrats txiki-txiki bat eman behar izan Anoetan Celtaren kontra. Puertollanoren aldamenean, hizki larriz idatzita geratuko da txuri-urdinen historia liburuan. Zer esanik ez jarraitzaileen memorian iltzatuta. Kito, urtetan pilatutako frustrazioarenak egin du. Inork gutxik espero zuenean egin ere. Hori da kirol honen mamia, aurreikuspenak ez direla guztiz fidagarria izaten. Hirugarren ahaleginean eskuratu du sari potoloa, hain zuzen, diru gutxien gastatu den urtean eta harrobiko zortzi-bederatzi jokalari astero-astero hamaikakoan zirelarik. Ez da samurra arrakastaren zergatiak zeintzu izan diren azaltzea, seguru aski dozenatik gora arrazoik eragina izan dutelako. Nabarmenenak ordea, hauxek izan litekezke:
1.-ANOETA: Gotorleku suntsiezina. 50 puntu batu dituzte etxean: 15 garaipen, bost berdinketa eta porrot bakarra. Kopuru ikusgarria. Horra hor Realaren ibili sendoaren oinarria. Gainera, aurkari zuzen izan direnak eta uneren batean izan zitezkeenak bata bestearen atzetik gainditu ditu. (Cartagena, Betis, Nastic, Numantzia, Levante, Hercules edota Vila-Real B taldea ere). Horrek konfiantza eta indar handia eman dio taldeari. Bigarren itzulian etxetik kanpoko ibilia baldarra izan bada ere, etxeko emaitzak sendoegiak izan dira helburuak ihes egin ez zezan.
2.-Defentsako lana: ezertan nabarmendu bada Lasarteren taldea atzekaldearen irmotasunean izan da. Zenbakiak argigarriak dira oso. Gol gutxien hartu duen taldea izateaz gain (32), kontrako taldeek nekez sortu dizkiote gol aukerak. Zirrikiturik ezean, areaz kanpoko jaurtiketak egitera behartu ditu eta era horretara nekosoa da garaipena lortzea. 42 jardunaldiz osaturiko liga batean soilik sei neurketatan geratu da punturik urratu gabe eta horrek meritu handia du. Atzetik aurrera eraikitako taldea da: "golik sartzen ez badidate irabaztetik hurbilago nago" Lema horri eutsi dio entrenatzaileak eta apustua ezinhobeto irten zaio. Ez da talde dizdiratsua izan, joko-maila beldurgarriakoa, baina bai eraginkorra, trinkoa eta eskuzabala. Aurreneko itzulian gainera, bolbora izan dute zelai erditik aurrerakoek eta makina bat partida irabazi ditu alderik txikienaz, 12. Atzean sendo eta aurrean zorrotz izatearen ondorioa. Bigarren itzulian golak sartzeko zailtasunak areagotu egin zaizkio nabarmen, baina atzekaldearen lanak ez du pitzadurarik izan eta justu antzean aritu arren puntu baliotsuak urratu dira.
3.- Lasaitasun instituzionala: amildegian behera zioan heinean, berdegunetatik aparteko burrunba etengabea izan zen eta horrek ezegonkortasunaren eremu itogarrian barneratu zuen kluba. Oso denbora gutxian lau presidente izan ditu, Fuentes, De la Peña, Larzabal eta Badiola. Aurreneko urtean hiru entrenatzaile, zorrak itota konkurtso legean sartu, oinarrizko futbolaren hitzarmena hautsi... norabiderik gabe ontziak iparr berreskuratu behar zuen nola edo hala. Aperribairen etorrerak lasaitasuna ekarri du, harrotutako hautsak biltzea. Ezinbesteko berregituraketa baten ostean, kirol sailak gorputza hartu zuen eta kontratu berritze zaparrada izan da. (begiratu datuak). Orainak ziurtatu behar duenez etorkizuna, kirol estrategiak Zubietan jarri ditu bi begiak. Haztegian erein eta bertatik elikatu. Diru gabeziak baliabide propioak indartzea ekarri du. Egoera ekonomiko penagarriak zentzuko jokabidera garraiatu ditu agintariak.
4.- Konpromisoa. Jokalari eta jarraitzaileena. Unerik gordinetan fideltasun txalogarria erakutsi dute. Lasartek behin eta berriz nabarmendu duenez, bere entrenatzaile ibilbidean ez du sekula hain aldagela konprometitu batekin topo egin eta uruguaitarra ez da lerde merkeko gizasemea. Berdegunearen eta harmailen arteko konexioak gailurra jo zuen Anoetako azken neurketan: 30 000 lagun eztarriak urratuz. Etxetik kanpo berriz, Soria, Huesca, Salamanca, Vallecas, Cadiz... zaleen joan etorria gogoangarria izan da.
5.- Lasarte: igoerako entrenatzailea. Izaera irabazleko pertsona, grina kutsatu die bereei. Une korapilatsua bizi izan zuen txapelketako lehen hilabetean, baita desegin ere. Eta nola gainera. Zukua atera dio jokalari-multzoari. Talde lehiakorra osatzea lortu du eta inork ezer oparitu gabe gidatu ontzia lehen mailako portura. Emaitzak lagun direnean entrenatzaile guztiak dira onak, baina legezkoa da bakoitzari berea ematea eta uruguiatarrak kulpa handia izan du arrakasta lortzearikin.
Taldeak etorkizuna izango du baldin eta ikusmuga galtzen ez bada. Argi eta garbi izan behar da nor garen eta zer izan nahi dugun. Realaren tokia lehen mailan dago. Ados. Baina beti ere hiru kontrario eskasago topatzeak izan behar du helburu. Bestelakoa, ongi egindakoaren fruitu izango da, ez besterik. Ligako postu on batek ezin lezake inor itsutu. Maila galdu daiteke berriz ere, ez ordea nortasuna. Formula garbia da: fitxaketek harrobiko multzoa osatu behar dute eta ez alderantziz hainbat unetan gertatu moduan (baita larrutik ordaindu ere). Horrek ez du esan nahi lan samurra dutenik kirol arduradunek. Zailena akaso, ez baita erraza merkatua arakatu eta jokalari lehiakor eta merkeak topatzea. Hor dute erronka. Lehen mailakoa gainera.