1-0
Realak galdu egin du Atleticoren aurka eta Europako postuetatik at da
Erredakzioa
Txuri-urdinek 1-0 galdu dute Vicente Calderon zelaian, eta LaLigako sailkapeneko zazpigarren posturaino jaitsi dira. Filipe Luisek sartu du norgehiagokako gol bakarra.
Realak 1-0 galdu du Atletico Madrilen aurka Vicente Calderonen, eta Europa Ligarako sailkapena ematen duten postuetatik at dago orain. Txuri-urdinak zazpigarren postuan daude, 49 punturekin; orain seigarren postuan dagoen Athleticek baino puntu bat gutxiago du, eta bosgarren dagoen Vila-realek baino bi puntu gutxiago.
Donostiako taldeak ondo ekin dio partidari. Baloiaren jabe izan da, eta markagailuan aurrea hartzeko aukera izan du 11. minutuan, baina Yuriren jaurtiketa kanpora joan da Juanfrani jo ostean. Ondoren, Rulli atezainak koltxoneroen gola eragotzi du Griezmannen jaurtiketa bi alditan geratuta. 24. minutuan, Willian Josek ez du Oblak gainditzea lortu, eta bi minutu geroago, Atletico Madrilek gola sartu du, Filipe Luisen bitartez. Jokaldi dotorea egin du Atleticok, eta brasildarrak sare barrura bidali du errematea. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Atletico Madrilek hiru abagune izan ditu abantaila handitzeko, baina ez Fernando Torresek, ez Filipe Luisek, ez Carrascok ez dute Rulli gainditzea lortu. Norgehiagokako 44. minutuan, markagailuan berdinketa jarriko zuen gola egiteko aukera izan du bere oinetan, baina gaizki errematatu du Xabi Prietok emandako baloia.
Bigarren zatian, Reala berdinketaren gola egiten saiatu da, baina ez du zulorik aurkitu Atletico Madrilen defentsako lerroan. Eusebiok zuzentzen duen taldea ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Madrilgo taldeak ere ez du gola sartzeko aukera askorik izan bigarren 45 minutuetan. Correak jarri du estuasunetan Rulli atezaina azken minutuetan, baina Realeko atezaina erne ibili da. Partidako 89. minutuan, atezain txuri-urdinak koltxoneroen beste gol bat eragotzi du, Gimenezen erremateari erantzun bikaina emanda. Amaieran, esku hutsik atera da talde txuri-urdina Vicente Calderon zelaitik (1-0).
Fitxa teknikoa:
1 - Atletico Madril: Oblak; Juanfran, Savic, Godin, Filipe; Koke, Gabi, Saul, Carrasco; Griezmann (Correa, 70. min) eta Fernando Torres (Gimenez, 81. min).
0 - Reala: Rulli; Odriozola (Aritz Elustondo, 38. min), Iñigo Martinez, Navas, Yuri; Zubeldia; Vela, Xabi Prieto (Oyarzabal, 46. min), Granero (Juanmi, 74. min), Canales; eta Willian Jose.
Gola: 1-0, 27. min: Filipe Luis.
Epailea: Undiano Mallenco.