Europa Liga
Realak eta Zenitek taldeko lehen postua dute jokoan San Petersburgon
Erredakzioa
Defentsan hobetzea ezinbestekoa izango da txuri-urdinentzat, bederatzi gol jaso baitituzte azken hiru partidatan eta Zenit oso talde bertikala eta azkarra baita.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak estutasun puntu batekin ekingo dio Europa Ligako bigarren jardunaldiari, hiru porrot pilatu dituelako jarraian ligan eta Zenit San Petersburgoaren etxean bere multzoko lehen postua izango duelako jokoan.
Eusebio Sacristanek zuzentzen duen taldeak emaitza positiboa espero du ekartzea Errusiatik, taldeak morala berreskura dezan eta datorren ligako jardunaldian berriz ere garaipena lor dezaten. Iñigo Martinez eta Carlos Vela baja izango dira.
Alabaina, horren aurretik, L Multzoko lehendabiziko bi postuak eskuratzeko lehian arituko den aurkari nagusienetakoa izango du Realak aurrez aurre. Roberto Mancini italiarrak zuzentzen duen Zenitek 0-5 irabazi zuen Vardarren etxean lehendabiziko jardunaldian. Realak, bere aldetik, garaipen bikaina eskuratu zuen etxean Rosenborgen aurka (4-0).
Defentsan hobetzea ezinbestekoa izango da txuri-urdinentzat, bederatzi gol jaso baitituzte azken hiru partidatan. Gainera, Zenit oso talde bertikala eta azkarra da, eta joan zen igandean Valentziak egin zion mina errepika dezakete errusiarrek.
Hartara, Zenit oso talde zaila izango da, eta are gehiago bere zelaian. Errusiako ligan jaun eta jabe da, eta asko fitxatu du uda honetan, bai zelaian, bai aulkian.
Horrez gain, bere ligan bigarren zihoan Krasnodarren etxean irabazi eta lehen postua sendotu zuen Yerojin eta Poloz jokalarien golekin.
Egungo Zenitek argentinar kutsu argia dauka, herrialde horretako bost jokalari fitxatu berri baititu.
Taldeko burua Leandro Paredes da. Erromatik heldu da, eta Argentinako hautatzailea den Sampaolirekin ere jokatu izan du. Lyonetik heldu den Mammana defentsa ere eztabaidaezina da.
Ohikoak dira ere Kranevitter erdilaria, eta Rigoni eskuin hegalekoa eta Driussi aurrelaria.
Dena den, Realarentzat arriskutsuena izango den jokalaria Alexandr Kokorin aurrelaria da.
Balizko hamaikakoak:
Zenit: Lunev; Criscitto, Mammana, Ivánovich, Smólnikov; Kranevitter, Paredes, Shátov o Yerokhin, Kuziaev; Driussi edo Dzyuba, Kokorin.
Reala: Rulli; Odriozola, Llorente, Aritz Elustondo, De la Bella; Illarramendi, Prieto, Canales; Oyarzabal, Januzaj, Willian Jose.
Epailea: Andre Marriner (Inglaterra).
Zelaia: Krestovski.
Ordutegia: 19:00 hora CET.