Anoetan
Realak Betisekin berdindu du, partida zoro batean (4-4)
Agentziak | Erredakzioa
Golak oso erraz jasotzen jarraitzen dute donostiarrek. Sanabria, Willian Jose, Oyarzabal, Feddal, Joaquín, Xabi Prieto, Sergio León eta Llorente izan dira golegileak.
Realak eta Betisek berdinduta bukatu dute Donostian jokatutako Ligako partida. Gol festa izan da Anoetan, zortzi gol egin baitituzte guztira, batez ere defentsan akats ugari egin dituztelako.
Sanabriak urduri jarri ditu zale txuri-urdinak bosgarren minutuan egindako golarekin, Feddalek emandako pasea aprobetxatuta.
Golak aldapan behera jarri die partida andaluziarrei, jakin bazekitelako Realak golak erraz hartu dituela azken partidetan. Hala ere, donostiarrek ez dute amore eman eta Willian Josek banakoa jarri du markagailuan 13. minutuan.
Minutu batzuk geroago, Eusebioren jokalariek emaitza irauli dute, Mikel Oyarzabalek gipuzkoarren bigarrena egin baitu.
Aukerak nonahi, bi taldeak erraz atera dira erasora, defentsak babes handirik gabe utzita. Horrela, andaluziarren bigarrena iritsi da hurrengo jokaldian. Feddalek sartu du, buruz errematatuta.
Gol gehiago
Bigarren zatian, gauzak ez dira aldatu. Aldageletatik atera eta gutxira, Sevillako taldea aurretik jarri da berriro markagailuan, Joaquin kapitainak egindako golari esker.
Gol festak ez du etenik izan. 10 minutu geroago, Xabi Prieto txuri-urdinen kapitainak erantzun dio Joaquinen golari, Realaren hirugarrena eginda.
Hurrengo gola, partidako zazpigarrena, Betisek egin du. Aulkitik atera berritan, Sergio Leon kontraerasoan joan da, eta Rulliren atean sartu du baloia. Partida amaitzeko bost minutu falta zirenean, Diego Llorente gazteak launakoa jarri du markagailuan, denboraldi honetan sartu duen bosgarren gola eginez.
Azkenean, 4-4 bukatu da Anoetako partida. Puntu bana, beraz, Realarentzat eta Betisentzat.
Fitxa teknikoa
4.-Reala: Rulli; Odriozola, Navas, Llorente, Kevin; Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto (Canales, 70. min); Juanmi (Vela 59. min), Oyarzabal eta Willian José (Jon Bautista, 82. min).
4.-Betis: Adán; Barragán, Mandi, Feddal, Durmisi; Javi García (Narváez, 75. min), Guardado, Fabián; Joaquín (Francis, 68. min), Tello, Sanabria (Sergio León, 71. min).
Golak: 0-1, 5. min: Sanabria. 1-1, 14. min: Willian José. 2-1, 28. min: Oyarzabal. 2-2, 28. min: Feddal. 2-3, 46. min: Joaquín. 3-3, 58. min: Xabi Prieto. 3-4, 83. min: Sergio León. 4-4, 85. min: Llorente.