Itxi

Deialdia

Eusebioren deialdia: Iñigo Martinez, barruan; Juanmi eta Odriozola, kanpoan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ondarroako atzelariak orain arte ligako partida bat besterik ezin izan du jokatu denboraldi honetan, izan dituen giharretako lesioak direla medio.

Iñigo Martinez Realarekin Txapeldunen Ligan jokatutako partida batean. Artxiboko argazkia: EFE

Eusebio Sacristan Realeko entrenatzaileak Iñigo Martinez zelairatzeko aukera izango du ostegun honetan, talde txuri-urdinak Europa Ligan Mazedoniako Vardarren aurka jokatu behar duen partidan. Aldiz, deialditik kanpo utzi ditu Juanmi Jimenez eta Alvaro Odriozola, eta Donostian geratuko dira badaezpada.

Valladolideko teknikariak gaur jakitera eman duen deialdian, atzelari ondarrutarraren presentzia nabarmentzen da; izan ere, orain arte ligako partida bat besterik ezin izan du jokatu denboraldi honetan.

Txanponaren beste aldea jokalari garrantzitsuak pairatzen ari deiren lesioak dira, Juanmi andaluziarraren kasua izanik azkena. Realeko golegile nagusienetako batek kolpe handia jaso zuen buruan Alavesen kontrako Mendizorrotzako derbian (0-2).

Klubak plazaratu duen osasun-txostenaren arabera, Malagakoak garuneko kommozio bat izan zuen. Dena dela, sendatze bidean dago, eta ostiralean normaltasunez entrenatzea espero dute.

Azpimarragarriagoa da Alvaro Odriozola hegalekoaren baja, Mikel Oyarzabalekin batera sasoirik onenean dagoen jokalaria. Odriozolak arazo fisikoak direla medio (bihurritu arinak ditu eskuineko belaunean zein orkatilan) ez du Mazedoniara bidaiatuko, Eusebiok nahiago izan baitu astelehenean lehiatuko den Espanyolen aurkako partidarako gorde.

Europako norgehiagokan parte hartuko ez duten beste jokalari batzuk Imanol Agirretxe, Carlos Martinez eta David Zurutuza dira, horiek ere lesionatuta daudelako.

Eusebiok 20 jokalari sartu ditu deialdian guztira, eta horien artean daude bigarren talde atezaina, Andoni Zubiaurre, eta Andoni Gorosabel hegalekoa.

Albisteak (3)