Porrot mingarria
Reala-Almeria (2-3): Kanporaketa aldapa gora jarri da
Erredakzioa
Lehen zatian 2-0 irabazten joan eta gero, Lilloren taldeak hiru gol lortu ditu bigarren zatian. Txuri-urdinek emaitzari buelta eman beharko diote Almerian, Errege Kopan jarraitzeko.
Donostiarrek ondo hasi dute partida, ez ohiko jokalarien parte hartze handiarekin. Gauzak erraz jarri zaizkio talde txuri-urdinari, lehen zatiko 7. minutuan 1-0ekoa lortu baitu Jeffrey Sarpongek. Jokalari holandarrak ederki lapurtu dio baloia Almeriako atzelari bati eta ondo gainditu du Esteban atezaina Reala markagailuan aurretik jarriz. Juanma Lilloren taldea erasora joan da 1-0ekoaren ostean eta Eñaut Zubikarai atezainak bi geldiketa erabakigarri egin behar izan ditu andaluziarren gola ekiditzeko. Hala ere, Reala ondo mantendu da atzealdean eta kontraerasoan Estebanen atera hurbildu da.
Lehen zatiko 32. minutuan Martin Lasarteren mutilek 2-0ekoa lortu dute, Imanol Agirretxeren jokaldi polit baten ostean. Usurbilgo aurrelariak erdiraketa eder bat jarri dio Elusteondori eta honen burukada sare barrura joan da. Bigarren golaren ostean gipuzkoarrek jokoaren kontrola izan dute, baina Zubikaraik beste geldiketa erabakigarri bat egin behar izan du.
Bigarren zatian kanpokoek erritmo altuagoa jarri dute eta erasoan arriskua eraman dute Eñauten ate ingurura. Lasarteren mutilak atzean sartu dira eta Zubikaraik geldiketa bikainak egin behar izan ditu. Aurrelari zuri-gorriek atzean sartu dute gipuzkoarren defentsa eta horrela, Lilloren taldeak 2-1ekoa lortu du. Goitomen jaurtiketak Ansotegiren gorputza jo eta sare barrura sartu da, zoritxarreko jokaldi batean. Etxeko taldeak intentsitatea jaitsi du 2-1ekoaren ostean eta andaluziarrek erasoan sakatzen jarraitu dute.
Ulloak 2-2koa lortu du 71. minutuan area barnean jaurtiketa eroso bat atera ostean. Donostiarren defentsa bigunegi egon da jokaldi horretan eta Eñautek ezin izan du baloia gelditu. Martin Lasarteren taldea Estebanen atera hurbiltzen saiatu da, baina donostiarren aukerak ez dira oso garbiak izan. Partidako 87. minutuan Realak norgehiagoka irabazteko aukera paregabea izan du, baina Llorenteren burukada zutoinera joan da. Jokaldi horren kontraerasoan, Ulloak 2-3koa jarri du Almeriarentzat, txuri-urdinak aurrean hartu baitituzte. Lilloren taldeak hasierako 2-0ekoari buelta ematea lortu dute bigarren zati txukun bat eginez eta Realak kanporaketa irabazi nahi badu, partida bikaina jokatu beharko du.
- Fitxa teknikoa:
2.- Reala: Zubikarai; Estrada, Labaka, Ansotegi, De la Bella; Rivas, Aranburu (Viguera, min. 46), Elustondo, Sarpong (Xabi Prieto, min. 75), Griezmann; Agirretxe (Joseba Llorente, min.82).
3.- Almeria: Esteban; Michel Macedo, Carlos García, Marcelo, Jakobsen; Vargas, M''Bami, Valeri (Piatti, min. 80), Corona; Ulloa (Kalu Uche, min. 90) eta Goitom (Crusat, min. 79).
Golak: 1-0, min. 7: Sarpong. 2-0, min. 31: Elustondo. 2-1, min. 65: Ansotegi p.p. 2-2, min. 69: Ulloa. 2-3, min. 87: Ulloa.