Itxi

Bernabeun, 20:45ean

Burua beste leku batean duela harrapatu nahi du Realak Real Madril

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Talde zuriak Txapeldunen Ligako partida dauka datorren asteazkenean PSGren aurka, bere denboraldiaren bilakaera baldintzatuko duen lehia, hain zuzen ere.

El Real Madrid se llevo la victoria de Anoeta en la primera vuelta. Foto: EFE

Reala Bernabeutik garaipena lortzen saiatuko da larunbat honetan (20:45), non duela 14 urte ez duen irabazten. Modu horretan, joan zen astean Deporren aurka antzemandako erreakzioa (5-0) berretsi nahi dute txuri-urdinek; alabaina, partida horretan ezin izango du taldeko golegile nagusiena den Willian Jose brasildarrak, min hartuta baitago.

Gipuzkoarrek ahaztuta dute Iñigo Martinezek taldea utzi eta Athleticera alde egin izana, eta joan zen asteburuko garaipen zabalarekin jarraian pilaturiko lau porroten bolada traketsa etetea lortu zuten.

Orain erronka zailagoa dute parez pare, aurten maila apalagoan dabilen Real Madrilen aurrean. Zinedine Zidanek zuzentzen duen taldeak bizi duen egoera kaskarrak itxaropenez bete ditu donostiarrak azkenaldian Bernabeun izandako emaitza txarrak baztertu eta punturen bat lortzeko bidean.

Izan ere, aurreko zazpi bisitetan 32 gol jaso dituzte, eta irabazitako azken norgehiagoka gogora ekartzeko 2004. urtera arte egin behar dute atzera realzaleek. Xabi Prieto kapitaina da garaipen hura lortu zuten jokalarietatik taldean jarraitzen duen bakarra; gainera, Prietok bi gol erdietsi zituen partida hartan.

Eusebio Sacristan txuri-urdinen entrenatzaileak azken orduko arazo batekin egin du topo: bere golegile finenak, Willian Josek, min dauka behatz batean, eta, hori gutxi ez, eta aurrera begira jokatzen duen Adnan Januzaj belgikarra ere lesionatu egin da astean zehar. Hutsune horien aurrean, Imanol Agirretxe izan daiteke brasildarraren lekua betetzeko ardura izan dezakeena, lesioekin pairatu duen gurutze-bidea hasi zuen zelaian (2015eko abenduaren 30ean), hain justu ere.

Bere aldetik, Real Madrili dagokionez, ikasturteko azterketa erabakigarriena iritsi aurretiko partida du larunbatekoa, asteazkenera arte ez baitzaio egokituko PSGren aurka lehiatzea, Txapeldunen Ligako kanporaketan.

Balizko hamaikakoak

Real Madril: Keylor Navas; Carvajal, Nacho edo Varane, Sergio Ramos, Marcelo; Casemiro, Modric, Isco; Bale edo Asensio, Cristiano Ronaldo, Benzema.

Reala: Rulli; Odriozola, Hector Moreno, Elustondo, De la Bella; Illarramendi, Zubeldia, Prieto; Juanmi, Oyarzabal, Agirretxe.

Epailea: Hernandez Hernandez (Kanarietako batzordea).

Zelaia: Santiago Bernabeu.

Ordua: 20:45

Albisteak (3)