Europa Liga
Realak baja garrantzitsuak ditu Salzburgen aurkako kanporaketarako
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak ostegunean jokatuko du Salzburgen aurka Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida. Willian Jose eta Januzaj baja dira, min hartuta baitaude.
Realak ostegunean ekingo dio Europa Ligari, final-hamaseirenetan Salzburgen aurka Anoetan jokatuko duen joaneko neurketarekin. Talde txuri-urdina ez dabil ondo Ligan eta neurketa honetarako Willian Joseren eta Adnan Januzajen bajak izango ditu.
Gainera, multzoen fasea jokatu zuen taldearekin alderatuta, Athleticek fitxatu duen Iñigo Martinez ere galdu du Realak. Ondarroakoaren ordez Hector Moreno fitxatu zuen Realak, baina zaleek oraindik ez dute mexikarra jokatzen ikusi eta debuta egin dezake ostegunean.
Talde txuri-urdinak oso albiste txarra jaso zuen ostiralean, Willian Jose lesionatu egin baitzen. Brasildarrak ezker hankako behatz bat hautsita dauka, eta Salzburgen aurkako kaporaketa osoa galduko du. Willian Josek 11 gol sartu ditu Ligako 22 partidatan eta 16 gol sartu ditu txapelketa guztiak kontutan hartuta. Bere baja aste batzuetarako luzatuko da.
Bestalde, Adnan Januzaj ere min hartuta dago arazo muskularren eraginez. Belgikarra baja izango da Salzburgen aurkako joaneko partidan eta Levanteren aurkako Ligako partida ere ez du jokatuko. Zalantza izango da Europa Ligako itzuliko partidarako ere.