Estadioaren eraberritzea
Realak 'Aitor Zabaleta' animazio-harmaila sortu du Anoeta berrirako
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sinbolismoz beteriko harmaila berri hori 'familia txuri-urdin osoaren' zein Aitor Zabaletaren omenez sortu du klubak.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Anoeta futbol zelai berriak animazio-harmaila bat izango du, eta haren izena Aitor Zabaleta Harmaila izango da, hau da, 1998an Atletico Madrilen ultrek erail zuten jarraitzaile txuri-urdinarena, hain zuzen ere. Harmaila hori "etengabe animatzen eta girotzen duten realzaleentzat" egongo da zuzenduta.
Realak astearte honetan eman du jakitera sinbolismoz beteriko harmaila berri horren sorrera, "familia txuri-urdin osoaren" zein Aitor Zabaletaren omenez sortu dena. Realzaleek ikonotzat dute Zabaleta, eta taldeak jokatzen dituen ia partida guztietan bere izena abestu ohi dute.
Aitor Zabaleta Harmaila zelaiaren hegoaldeko harmailan egongo da kokatuta. Hain justu, alde horren eraiste-lanak bukatu berri dituzte eta harmaila berria eraikitzeari ekin diote.
"Jada ez dago hegoaldeko harmaila, atletismo pistak desagertzen ari dira eta, laster, birkokapenen bigarren fasea hasiko da. Denon ametsa, gure fitxaketarik hoberena, gertu dago", azaldu klubak ohar baten bidez.
Anoeta "berriaren zatirik sinbolikoena eta emozionalena" izango da, "bere lehen harmaila berria". Realaren asmoa da gune hori "zelai berriaren eragile nagusietakoa" izatea "12 zenbakidun jokalaria".
"Harmaila berezia izatea nahi dugu, hasieratik bukaerara animatu, bultza egin, abestu eta dantza egingo duen harmaila. Harmaila horretan daudenek arima uztea nahi dugu. Dena ematen dutenak gabe, ez genuke-eta ezer edukiko", adierazi du Realak aipatu oharrean.
Aipatu jakinarazpen horrekin batera, klubak bideo hunkigarri bat zabaldu du sare sozialetan. Bideo horretan Iker Zabaletaren ahotsak (Aitor Zabaletaren anaia) gainbegiratu bat ematen dio Realaren historiari lorpen aipagarrienei, eta azpimarratzen duenez, horiek guztiak ezin izango ziratekeen posible izango, realzaleengandik jasotako babesik gabe.