Kargugabetzea
Eusebio eta Loren, Realetik kanpo
eitb.eus
Talde txuriurdinak baieztatu duenez, entrenatzailea kargutik kendu du, eta kirol zuzendariarekin akordioa lortu du kontratua eteteko. Imanol Alguacil izango da ordezkoa aulkian.
Realaren entrenatzaileak, Eusebio Sacristanek, eta kirol zuzendariak, Lorenzo Juarrosek, ez dute taldean jarraituko, klubak ofizialki baieztatu duenez.
Imanol Alguacil izango da teknikoaren ordezkoa Realaren aulkian.
Klub txuriurdinak entrenatzaile ohiari "bere ekarpen, profesionaltasun eta dedikazio osoa klubean egon den denboran" eskertu dizkio, eta onena opa dio etorkizunean.
Realak eskertu egin nahi dio Eusebio Sacristani bere ekarpen, profesionaltasun eta dedikazio osoa klubean egon den denboran eta, era berean, onena opa dio bere etorkizun profesional eta pertsonalerako. Eskerrik asko #RealSociedad pic.twitter.com/xhLlMxcGHY
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) 18 de marzo de 2018
Lorenzo Juarrosen kasua desberdina da. Kirol zuzendaria izan da 2009tik, eta kontratua etetea taldearekin adostu du, Jokin Aperribai eta zuzendaritzarekin izandako bilera batean. Realarekin 16 urtez lotuta egon ostean, klubak "bere esker ona" helarazi dio "ia bizitza osoa gure klubean egoteagatik".
"Bere konpromiso, zintzotasun, profesionaltasun eta egiteko moduari esker, taldea Lehen Mailara igotzea lortu zuen eta baita arrakastaz beteriko urteak betetzea", esan du Realak. 2019an bukatzen zitzaion kontratua.
Realak bere esker ona helarazi nahi dio Loreni gure klubean egoteagatik eta eta onena opa dio bere etorkizun pertsonal eta profesionalerako. Eskerrik asko #RealSociedad pic.twitter.com/spuaJVQzUn
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) 18 de marzo de 2018
Azken gertaerek, batez ere zaleen erantzunak Getaferen aurkako partidaren ostean, Loren eta Realaren arteko akordiora eraman dituzte biak, bukaera aurreratuz. Era berean, kirol zuzendariak taldea uzteak Eusebioren kargugabetzea ekarri du, bere babesle nagusia zen eta.