Itxi

Entrenatzaile berria

Imanol Alguacilek 'apaltasun osoz' ekingo dio Reala entrenatzeari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Halaber, Jokin Aperribay presidenteak jakinarazi duenez, Administrazio Kontseiluak duela hilabete erabaki zuen Lorenek ez zuela karguan jarraituko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jokin Aperribay Realeko presidenteak astelehen arratsaldean aurkeztu du prentsaurrekoan taldeko entrenatzaile berria: Imanol Alguacil.

Entrenatzaile berria aurkeztu aurretik, Eusebio Sacristan teknikari ohia gogoratu du. Pertsona "zintzoa" dela adierazi du, eta "dena eman du Realaren alde", erantsi du.

Presidentearen arabera, pilatutako emaitza txarrek bultzatu dute Eusebio kargutik kentzea, "azken partidetako dinamika aldatzen saiatzeko".

Imanol Alguacil entrenatzaile berriak, bere aldetik, kargu horri ezin ziola uko egin adierazi ostean, "naturaltasunez" helduko diola esan du, "nigan baino klubean pentsatuta".

Halaber, eskertu egin du klubak berarengan jarritako konfiantza, eta erronka berriari "ilusioz eta apaltasunez" helduko diola azpimarratu du.

"Eusebiok egindako lan onari" zor dion errespetuagatik, ez du ezer esan nahi izan taldean egingo dituen aldaketei buruz, baina jokalariekin zorrotza izango dela eman du aditzera, haiengandik "ahalik eta gehiena" ateratzeko.

Administrazio Kontseiluak duela hilabete erabaki zuen Loren ordezkatzea

Halaber, Aperribayren hitzetan, Administrazio Kontseiluak duela hilabete erabaki zuen klubean "ziklo aldaketa bat egitea" eta, hartara, Lorenzo Juarros Kirol zuzendaria kargutik kentzea denboraldi amaieran.

Aperribayren esanetan, Kontseiluak Lorenekin hitz egin zuen, nahiz eta 2019ra arteko kontratua izan, ziklo aldaketa bati ekiteko garaia izan zitekeela "uler zezan".

"10 urteren ostean, ezin genezakeen izan hurrengo denboraldirako plangintzaz arduratuko zela uste zuen Kirol zuzendaria. Egokiena egoerari aurre egitea zen", azaldu du presidenteak. "Lorenek ez du merezi une garratzik igarotzea", gaineratu du.

Aitzitik, ziklo aldaketa hori ez da denboraldi amaieran gertatu, asteburu honetan jaso da, Getaferen aurkako norgehiagokan Anoetako zaleek Kirol zuzendaria kargutik kentzea eskatu ostean.

Albisteak (3)

Bideoak (1)