BBVA Liga
Reala-Atletico Madril, (2-4): Hasiera ona eta bukaera tamalgarria
Andoni Beldarrain
Erredakzioa
Txuri-urdinak aurrea hartu dute markagailuan Herculesen aurka jokatutako partidan bezala, baina gero galdu egin dute. Aguerok jokoz kanpoko posizioan sartu du 1-2koa.
Lehen zatiaren hasieran Atletico madril zen baloiaren jabe eta lehen gol aukera beraiena izan zen. Bigarren minutuan Reyesen jaurtiketa gutxigatik kanpora joan zen. Pixkanaka, Reala presioa kenduz joan zen eta hobeto jokatzen hasi zen. Ondorioz, hamaikagarren minutuan Joseba Llorentek 1-0ekoa sartu zuen. Atletico Madrilek defentsan eginiko hutsa aprobetxatu zuen aurrelari txuri-urdinak.
Gola sartuta Reala izan zen nagusi eta Llorentek bigarren gola eegiteko aukera izan zuen,behartuegi iritsi zen errematera. Atletico Madrilek ez zuen ia gol aukerarik sortu lehen zatian. Gola gertu izan zuen bakarra Tiago izan zen, baina Bravok gelditu bikaina egin zuen. Lehen zatia Realaren aldeko 1-0ekoarekin bukatu zen.
Bigarren zatian asko aldatu zen partidako gidoia. Atletico Madril hobea izan zen bigarren 45 minutuetan, baina lehen gol aukera Griezmannek izan zuen. Bere jaurtiketari erantzun ona eman zion De Geak.
Atletico Madril zen baloiaren jabe, baina kosta egiten zitzaion gol aukera argiak sortzea. Baina 70. minutuan Forlanek 1-1ekoa sartu zuen. Aguerok jokaldi ona egin, pase bikaina eman eta uruguaiarrak partida berdindu zuen. Zortzi minutu beranduago Aguerok 1-2koa egin zuen. Jokoz kanpoko posizio argian sartu zuen gola Aguerok, baina epaileak legezkotzat eman zuen gola.
Maldan gora jarri zitzaion partida Realari eta are malda horrek oraindik eta desnibel handiagoa hartu zuen 81. mintuan Aguero berak 1-3koa egin zuenean.
Realarentzat kolpe gogorra izan zen hirugarren gola hartzea, baina txuri-urdinek ez zuten etsi eta Rivasek 2-3koa sartu zuen urrutitik eginiko jaurtiketa baten ondorioz. Momentu hortatik aurrera Reala saiatu zen berdinketaren gola lortzen, baina halako baten Reyesek kontraerasoa antolatu zuen, area barruan sartu zen eta Mikel Gonzalezek falta egin zion. Epaileak falta ikusi eta penaltia adierazi zuen. Simaok jaurti zuen penaltia eta ez zuen huts egin. Azkenean, Reala galtzaile atera zen eta Atletico Madrilek eraman zituen hiru puntuak 2-4ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
2 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Ansotegi, Mikel Gonzalez, De la Bella; Rivas, Aranburu (Sarpong, min. 82), Xabi Prieto, Griezmann (Bergara, min. 65); Zurutuza eta Joseba Llorente (Tamudo, min. 76).
4 - Atletico Madril: De Gea; Perea, Ujfalusi, Godín, Antonio Lopez; Mario Suárez (Raul Garcia, min. 76), Tiago, Reyes, Simao, Aguero (Diego Costa, min. 84); Forlan.
Epailea: Ayza Gamez (Valentzia).
Golak: 1-0, min. 11: Llorente. 1-1, min. 71: Forlán. 1-2, min. 78: Aguero. 1-3, min. 81: Aguero. 2-3, min. 85: Rivas. 2-4, min. 94: Simao (p).