Itxi

1-0

Realak galdu egin du Barçaren aurka Xabi Prietoren eta Iniestaren agurretan

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 1-0 galdu du Camp Noun jokatu duen 2017-2018. denboraldiko azken partida. Coutinhok sartu du partidako gol bakarra.

Andrés Iniesta eta Xabi Prieto. Argazkia: EFE

Realak 1-0 galdu du Bartzelonaren aurka 2017-2018. denboraldiko azken partida. Neurketak Xabi Prieto eta Andres Iniesta agurtzeko balio izan du. Prietok erretiroa hartzen du, eta Iniestak agur esan dio Barçari.

Partida ona jokatu du Realak eta lehen minutuetan arriskua eraman du Ter Stegenek defendatzen duen ate ingurura. Hala ere, txuri-urdinak ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean, baina Bartzelonari ondo eutsi diote, defentsako lan ona eginda. Kataluniako taldeak pare bat kontraerasoren bitartez sortu du arriskua, baina Realak ez du sufritu.

Bigarren zatia biziagoa izan da, baina abagune gutxikoa. Realak min egin dio Bartzelonari, baina abaguneak aprobetxatzea eta azken metroetan finago ibiltzea falta izan zaio. Neurketa parekatua izan da, eta parekotasun hori Coutinhok apurtu du, 1-0ekoa sartuta 57. minutuan. Ondoren, Reala saiatu da, baina ez du abagune argiegirik sortu. Norgehiagokako 87. minutuan zelairatu da Xabi Prieto eta bere azken minutuak jokatu ditu futbolari profesional gisa.

Fitxa teknikoa:

1. Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique, Yerry Mina, Alba; Rakitic, Busquets, Iniesta (Paco Alcacer, min.80); Dembélé (Denis Suárez, min.52), Suarez eta Coutinho (Messi, min.67).

0. Reala: Moya; Aritz (Odriozola, min.70), Llorente, Raul Navas, De la Bella; Illarra, Zurutuza (Xabi Prieto, min.88); Januzaj (Canales, min.62), Juanmi, Oyarzabal; eta William J.

Gola: 1-0, min.57: Coutinho.

Epailea: Munuera Montero. Txartel horiak atera dizkie Raul Navas (min.43), Suarez (min.43), Januzaj (min,51), Alba (min.72) eta Rakitic (min.75) jokalariei.

Albisteak (3)