Larunbatean, 18:15ean
Reala eta Athletic, Euskal Herria Txapelaren bila
eitb.eus
Txuri-urdinek eta zuri-gorriek indarrak neurtuko dituzte larunbatean Iruneko Stadium Galen. Partida 18:15ean hasiko da, eta zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus webguneak.
Reala eta Athletic nor baino nor ariko dira larunbat honetan Euskal Herria Txapelaren II. edizioan. Neurketa Stadium Galen jokatuko da, 18:15ean hasiko da, eta zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus webguneak.
Gipuzkoarrentzat aste honetan jokatuko duten bigarren neurketa izango da larunbatekoa, asteazkenean Zaragozaren aurka Tafallan jokatu ostean. Asier Garitanok zuzentzen duen taldeak bi aste barru hasiko den denboraldia prestatzen jarraitu nahi du. Bizkaitarrak, aldiz, Holandan kontzentrazioa egin ondoren datoz, bertan bi porrot eta berdinketa bat lortu zituztelarik. Denboraldiaurreko seigarren partida izango da bi taldeentzat.
Athleticeko entrenatzailea den Eduardo Berizzok jokalari hauek sartu ditu partida honetarako deialdan: Arrizabalaga, Yuri B., Núñez, Yeray, Iturraspe, Williams, Muniain, Cordoba, Iago Herrerin, Susaeta, Mikel Rico, De Marcos, Aduriz, Dani Garcia, Raul Garcia, Unai Lopez, Balenziaga. Remiro eta Nolaskoain.
Beñat, San Jose, Capa eta Ganea besteak beste, deialditik at geratu dira, baina abuztuaren 5ean Athleticek jokatuko duen Opel Cup txapelketarako deialdian sartu ditu Berizzok. Andoni Lopez eta Villalibre ez dira deialdi bietako batean ere sartu eta Athleticetik irtengo dira, utzita.
Asier Garitano Realeko entrenatzaileak ez du eskaini neurketa honetarako deialdia.