Prentsaurrekoa
Anoetaren bultzadak Bartzelonari irabazten lagunduko diela espero du Zurutuzak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
'Zaleak gertuago egongo dira, eta hori nabaritu egingo dugu zelaian egongo garenok', iritzi dio erdilari txuri-urdinak.
David Zurutuza Realeko jokalariak Anoeta eraberritura bertaratuko diren zale txuri-urdinen babesa jasotzea espero du, Bartzelonaren aurka larunbatean jokatu beharreko norgehiagokan garaipena lortzen laguntzeko asmoz.
"Uste dut orain zaleek are gehiago lagunduko digutela gure etxean, eta aldea antzemango dela; izan ere, gertuago egongo dira eta hori nabaritu egingo dugu zelaian egongo garenok", azaldu du erdilariak ostegun honetan, Zubietan entrenatu ostean.
Zurutuzak norgehiagoka irabaztea du helburu, baina onartu du egin du taldean dauden baja ugariek erronka zailago bihurtu dutela; hala ere, ez du aitzakia gisa erabili nahi izan. "Gaudenok gaude, eta ez dago inolako aitzakiarik larunbateko partida irabaztera ez ateratzeko. Jokatzeko moduan dauden jokalari guztiak balekoak dira garaipena lortu ahal izateko", iritzi dio.
Halaber, neurketa ondo prestatu dutelakoan dago. "Oso lan ona egin dugu aste guztian zehar. Egia da zenbait egunetan jendea falta izan dela, baina azken egunetan txipa aldatu dugu, eta orain zenbait xehetasun doitzea besterik ez da geratzen partida berezi horri aurre egiteko. Gainera, Imanolek (Agirretxe) agur esango du", gaineratu du Zurutuzak.
Betalde, jokalari txuri-urdina jakitun da azken denboraldian bere protagonismoa areagotu egin dela Realean, Carlos Vela, Xabi Prieto edota Agirretxek taldea utzi eta gero, baina gertu dago "erantzukizuna hartzeko".