Itxi

LARUNBATEAN, 16:15EAN

Realak Bartzelonari irabaztea du amets Anoeta berriaren estreinaldian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Donostiarrek baja askorekin egingo diote aurre Ernesto Valverdek entrenatzen duen taldeari, baina Imanol Agirretxeri merezi duen agurra emateko gogoekin.

Messi eta Illarramendi baloi baten burrukan. Argazkia: EFE

Realak ezustekoa eman nahi dio liderra den Bartzelonari, Anoeta berriaren estreinaldian. Katalanek behin besterik ez dute irabazi donostiarren etxean Liga txapelketan, azken 10 urteetan; alabaina, Asier Garitanoren taldeak baja askorekin egingo dio aurre erronkari.

Izan ere, ez dira zelai gainean egongo Willian Jose golegilea, aurten debutatu gabe jarraitzen duen Adnan Januzaj belgikarra, edota aste honetan bertan min hartu duen Sandro Ramirez azken fitxaketa.

Aipatutakoez gain, Diego Llorente atzelariak eta Martin Merquelanz hegalekoak luzerako sendatze-prozesuak dituzte; ondorioz, Garitanok arazo ugari ditu hasierako hamaikakoa osatzeko.

Estatistikek aukerak eskaintzen dizkiete talde biei. Realak norgehiagoka bat bakarrik galdu du Bartzelonaren kontra hamarkada oso batean (joan zen urtekoa); katalanek, ostera, gipuzkoarren aurka liga eta kopa artean jokatu dituzten azken lau neurketak irabazi dituzte.

Bartzelonari dagokionez, Valverdek aldaketak egin beharko ditu hamaikakoan, orain arte nahiko samurra izan den egutegia zaildu egingo baitzaio datozen hiru asteetan.

Itxura guztien arabera, hasieratik arituko dira Valverderen eskemetan oinarrizkoak izan ohi diren Lionel Messi, Gerard Pique eta Jordi Alba, eta ez baitira euren selekzioekin aritu azken partidetan. Hortik eta aurrera zalantza gehiago daude.

Balizko hamaikakoak:

Reala: Moya; Zaldua, Aritz, Hector Moreno, Theo; Illarra, Zubeldia, Merino, Zurutuza; Juanmi, Oyarzabal.

Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Jordi Alba; Busquets, Rakitic, Sergi Roberto; Dembele, Messi, Suarez.

Epailea: Del Cerro Grande.

Zelaia: Anoeta.

Ordua: 16:15

Albisteak (4)