Itxi

Santiago Bernabeun

Real Madril-Reala (4-1): Porrot mingarria, defentsan ahul egoteagatik

Josu Bilbao

Erredakzioa

Martin Lasarteren mutilek akatsak egin dituzte defentsan eta ezin izan dute Mourinhoren taldearen erritmoa jarraitu. Zuriek lehen zatian partida erabakita utzi dute 3-0ekoarekin.

Gipuzkoarrek ezin izan dute Mourinhoren taldearekin, defentsan erraztasun gehiegi eman eta gero. Madrildarrek 4-1 gainditu dituzte txuri-urdinak, lehen zatian lortutako 3-0eko abantailari esker. Kakak eta Cristiano Ronaldok egin dituzte lehen zatiko golak, eta bigarren zatian Albiolek bere atean egin du 3-1ekoa. Norgehiagokaren azken minutuetan Adebayorrek bere lehen gola lortu du kamiseta zuriarekin.

Jose Mourinhoren taldeak erasoan murgilduta hasi du norgehiagoka eta hasierako minututik area kanpoko jaurtiketekin abisatu dute merengeek. Etxeko taldeak aukera onak izan ditu Kaka eta Cristianoren jaurtiketekin, baina aurrelari zurien zartakoak gutxigatik joan dira kanpora. Lehen zatiko zazpigarren minutuan Kakak 1-0eko jarri du markagailuan ezkerdada on batekin. Atzelari txuri-urdinak galduta egon dira eta brasildarrak ondo gainditu du Bravo area barneko jaurtiketa batekin. Bi minutu geroago Tamudok abagune bikoitza izan du berdinketa lortzeko, baina Casillasek ederki gelditu ditu bi jaurtiketak.

Madrildarrak oso eroso egon dira 1-0ekoarekin eta 20. minutuan Cristiano Ronaldok 2-0eko lortu du areaz kanpoko ezkerkada batekin. Atzelari txuri-urdinak ahul egon dira presioan eta Mourinhoren mutilek ez dute atera begira barkatu. Lehen zatiko 40. minutuan Realak aukera ederra izan du 2-1ekoa lortzeko, baina Casillasek berriz ere geldiketa bikaina egin dio Raul Tamudo katalanari. 41. minutuan Cristiano Ronaldok 3-0ekoa lortu du burukada on batekin. Portugaldarrak bakarrik egin du errematea lehen zutoinean korner batean eta Bravok ezin izan du baloia gelditu. Atsedenaldira Realeko jokalariak burumakur joan dira, zuriei ezin izan dietelako aurre egin.

Bigarren zatian donostiarrak erasoan gehiago saiatzera eta ematera irten dira, eta Lasarteren taldea nahiko gerturatu da Casillasen ate ingurura. Gipuzkoarrek ez dituzte aukera garbiak izan, baina zelaian sendoago mantendu dituzte lerroak. 52. minutuan Kakak bere bigarrena bilatu du, baina brasildarrak langara bidali du baloia. Entrenatzaile uruguaitarrak aldaketak egiteko aprobetxatu du eta Sarpong eta Markel zelairatu dira Griezmannen eta Rivasen ordez. Bigarren zatiko 25. minutuan Albiolek bere atean gola egin du eta Reala 3-1 jarri da markagailuan. Golaren ondoren txuri-urdinak erasoan gehiago animatu dira, baina Real Madrilek berriz ere asko sakatu du, Bravoren atea mehatxatuz.

Donostiako taldea estrategiazko jokaldietan arriskua sortzen saiatu dira, baina madrildarren defentsa sendo egon da baloiak urruntzen. 88. minutuan Adebayorrek azken 4-1ekoa lortu du zurientzat, Claudio Bravo bakar bakarrik gainditu ostean. Azkenean gipuzkoarrek jipoia jaso dute, ezin izan dutelako talde madrildarra defentsan eutsi.

- Fitxa teknikoa:

4 - Real Madril: Iker Casillas; Arbeloa, Garay, Carvalho (Albiol, m.70), Marcelo; Lass, Xabi Alonso; Kaka (Di Maria, m.60), Özil (Canales, m.84), Cristiano Ronaldo; eta Adebayor.

1 - Reala: Bravo; Estrada, Ansotegi, Labaka, Mikel Gonzalez; Xabi Prieto, Diego Rivas (Markel, 65), Elustondo, Zurutuza, Griezmann (Sarpong, m.65); eta Raul Tamudo (Agirretxe, m.84).

Golak: 1-0, m.8: Kaka. 2-0, m.20: Cristiano Ronaldo. 3-0, m.42: Cristiano Ronaldo. 3-1, m.72: Arbeloa, bere atean. 4-1, m.89: Adebayor.