Itxi

2-0

Realak porrota jaso du nagusi izan den Atletico Madrilen aurka

Erredakzioa

Leer en Castellano

Talde txuri-urdinak 2-0 galdu du Wanda Metropolitano zelaian. Godinek sartu du koltxoneroen lehen gola atsedenaldira iritsi aurretik eta Filipe Luisek gol ikusgarria sartu du 60. minutuan.

Godin, Realari sartutako lehen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Atletico Madrilen aurka (2-0) Wanda Metropolitano zelaian. Lehen zatiaren amaieraraino soilik eutsi dio talde txuri-urdinak erabat nagusi izan den aurkariari.

Lehen zatia parekatua izan da, Atletico Madrilek arrisku-sentsazio handiagoa eman du, baina Realak ez dio erraztasunik eman eta izan du aukeraren bat edo beste. Neurketako 4. minutuan Correak eman du lehen abisua, baina kanpora joan da jaurtiketa, desbideratuta. Koltxoneroek 16. minutuan beste abagune bat izan dute; Gorosabel, ordea, ondo gurutzatu da Saulek area barrutik egin duen jaurtiketa desbideratzeko. Atletico Madrilen aukera argiena Griezmannek izan du 25. minutuan, baina txilenaz egin duen errematea langa urratuta gora joan da. Realaren erantzuna 32. minutuan iritsi da, gutxigatik kanpora joan den Pardoren jaurtiketa indartsu baten bitartez, eta 5 minutu beranduago gora bidali du jaurtiketa Pardok berak. Partida atsedenaldira iristear zenean, Correak erdiraketa egin, baloiak Navasengan jo, eta Godinek gola sartu du (1-0).

Bigarren zatiaren hasieratik baloiaren jabe izan da Atletico Madril. Lehen minutuetan kosta egin zaio abaguneak sortzea, baina 60. minutuan Filipe Luis area barruan sartu da, jaurtiketa bikaina atera, eta 2-0ekoa egin du. Gol ikusgarria sartu du brasildarrak. Bigarren gola hartu ostean Reala ezinean ibili da, eta talde koltxoneroa, aldiz, eroso. Realari pilatu egin zaio defentsako lana, eta Atleticok abagune argiak izan ditu. Saulek kanpora bidali du errematea 64. minutuan, 3 minutu beranduago Moya atezainak eragotzi du Atleticoren gola Diego Costari buruz-burukoa irabazita, aurrelariak hiru aurkari atzean utzi ondoren. Azken txanpan, Rodrigok egin duen jaurtiketa gora joan da. Realak ez du abagune bakar bat sortu bigarren zati osoan, eta hiru puntuak Atletico Madrilek eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Oblak; Arias, Savic, Godin, Lucas (Filipe Luis, 46. min); Correa (Lemar, 81. min), Rodrigo, Koke, Saul; Griezmann eta Diego Costa.

0 - Reala: Moya; Gorosabel, Elustondo, Navas, Kevin; Pardo, Illarramendi, Zubeldia; Sangalli (Januzaj, 80. min), Zurutuza (Sandro, 59. min); eta Willian Jose (Juanmi, 68. min).

Golak: 1-0, 45. min: Godin. 2-0, 60. min: Filipe Luis.

Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horiak atera dizkie Atletico Madrileko Koke (49. min) eta Savic (53. min) jokalariei, baita Realeko Zubeldiari (44. min).

Albisteak (3)