Lau irabazi eta bat berdindu
Reala, Ligako talderik indartsuena etxetik kanpo
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Txuri-urdinek ez zuten hain emaitza onik lortzen Anoetatik urruti txapeldunorde izan zirenetik.
Ligak 12 jardunaldi bete dituenean, Realak lau garaipen eta 13 puntu erdietsi ditu orain arte Anoetatik kanpo, hots, txapeldunorde izan zenetik (2002/2003 denboraldia) bisitari gisa bizi duen boladarik onena da aurtengoa. Emaitza horien ondorioz, donostiarrak Ligako talderik eraginkorrena dira alor horretan.
Asier Garitanok zuzentzen dituen mutilek beste inork baino gol gehiago sartu dituzte etxetik at (12 guztira) eta pilatu dituzten puntuen % 80 Anoetako berdegunea ez den besteren batean bereganatu dituzte.
Haatik, etxeko azterketa gainditu ezinik jarraitzen dute txuri-urdinek, hiru puntu besterik ez baitute lortu euren zaleen aurrean.
Realak honako talde hauen zelaietan irabazi du dagoeneko: Levante (1-3), Athletic (1-3), Huesca (0-1) eta Vila-real (1-2). Horrez gain, bina berdindu zuen Leganesen estadioan.
Etxetik kanpoko gipuzkoarren estatistiketan gehiago sakonduz gero, emaitzak are hobeak direla ikus genezake, bi lagunarteko ere irabazi baitituzte (Alavesen aurka, 0-1; Sochauxeren aurka, 1-2) bisitari lanetan; horrez gain, Celtaren aurkako Kopako partidan berdinketa lortu zuten Balaidosen (1-1).
Horrenbestez, Asier Garitanoren taldearen emaitzak ezin hobeak dira zentzu horretan. Are gehiago, 16 urteko atzera begirakoa egin beharko litzateke aipatu emaitzak baino hobeak direnak aurkitzeko. Denboraldi hartan, 2002/2003an, Raynald Denoueix zen txuri-urdinen entrenatzailea, eta donostiarrak Ligako txapeldun izateko lehian buru-belarri egon ziren murgilduta azken jardunaldira arte; alabaina, Real Madrilen atzetik geratu ziren azkenerako.
Sasoi horretako taldeak lau garaipen eta hiru berdinketa erdietsi zituen Anoetatik kanpo jokatu zituen lehen zazpi partidetan, hau da, 15 puntu bereganatu zituen. Beraz, honako honetan, marka hori gainditzeko gertu egon dira txuri-urdinak.