13. JARDUNALDIA
Realak lehen garaipena lortu du Anoeta eraberrituan (2-1)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oyarzabalek eta Zurutuzak sartutako golei esker Asier Garitanoren taldeak denboraldiko lehen partida irabazi du etxean.
Realak errenkadan lortu duen bigarren garaipena erdietsi du astelehen honetan, Anoetan, Celtaren aurka (2-1), Ligako hamahirugarren jardunaldiari amaiera eman dion partidan.
Horrenbestez, galiziarren aurkakoa txuri-urdinek denboraldi honetan bere zelaian irabazi duten lehen norgehiagoka izan da, eta, gainera, lortutako hiru puntuekin Europara begiratzen duten postuetara jauzi egitea lortu dute.
Izan ere, 19 puntu pilatu dituzte dagoeneko gipuzkoarrek, azken hiru neurketetan zazpi pilatu ostean, eta horrek Europa Ligako tokietatik puntu bakarrera egotea ahalbidetu die.
Lehen zatian talde biek izan dituzte aukerak, baina donostiarrak izan dira aurre hartu dutenak lehen ordu erdia igaro eta gutxira. Jozabedek baloi bat galdu du Celtaren atzealdean. Willian Josek ez du lehen aukeran gola sartzen asmatu. Aldaratzea Juanmiri joan zaio, eta haren ahalegina ere antzua izan da, galiziarren defentsak atepetik atera baitute baloia. Aitzitik, azkenerako baloia Mikel Oyarzabalari iritsi zaio. Eibartarra areatik kanpo zegoen, baina hiruretan abagunerik zailena zirudiena sarera bidaltzeko gai izan da (36. min). Horrela iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.
Aldageletatik bueltatu eta berehala, Realak lehiako bigarren gola sartu du. Januzajek baloi ona erdiratu du areara eskuinaldetik, eta ezustean agertu den David Zurutuzak erremate bikaina egin du buruz, Sergio Alvarez Celtako atezainaren geldiketa egiteko ahalegina ezerezean utzita (46. min). Handik gutxira, erdilari txuri-urdinak bere bigarren gola gauzatzeko zorian egon da, baina buruz egindako bere bigarren saiakerak langaren kontra jo du.
Partida guztiz erabakita zegoela eta Realak aise irabaziko zuela zirudienean, Brais Mendezek, Theok atzealdean utzi duen hutsunea baliatuta, baloia kontrolatu eta bigarren zatian sartu den Maxi Gomez aurrelari uruguaitarrari erdiratu dio. Hark burukada zehatzak jotzeko duen abilezia azaldu du beste behin ere, eta hala sareratu du markagailuko aldea murriztu duen gola.
Zaleen artean urduritasuna nabaritu den arren, Reala ondo moldatu da oraindik bere alde zeukan errenta kudeatzen. Beraz, modu horretan, denboraldiko lehen poztasun handia iritsi da Anoetako harmailetara.
Fitxa teknikoa:
Reala 2: Moya, Zaldua (Gorosabel 86. min), Moreno, Llorente, Theo, Zurutuza (Sandro, 77. min), Zubeldia, Pardo, Januzaj (Merino, 62. min), Willian Jose, Oyarzabal eta Juanmi.
Celta 1: Sergio, Vazquez, Costas, Araujo, Junca, Okay (Pione Sisto, 86. min), Jozabed, Brais, Emre Mor (Maxi Gomez, 46. min), Aspas eta Hjulsager (Boufal, 58. min).
Golak: 1-0, 36. min: Oyarzabal. 2-0, 46. min: Zurutuza. 2-1, 82. min: Maxi Gomez.
Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak: Sandro eta Oyarzabal (Reala); Junca eta Maxi Gomez (Celta).