103 milioi euro
Realak inoizko aurrekonturik handiena aurkeztuko du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Donostiako taldeak Akziodunen Batzar Nagusia egingo du gaur, asteartean, 19:00etatik aurrera Kursaalen.
Realak bere historian zehar inoiz izan duen aurrekonturik handiena (103.526.742 euro) aurkeztuko die bere bazkideei gaur egingo duen Akziodunen Batzar Nagusian. Telebistetako eskubideetatik eratorritako diru kopuruan izandako igoerak ahalbidetu du, besteak beste, hori horrela izatea.
Itxura guztien arabera, bilera oso lasai joango da Jokin Aperribay presidentearentzat, azken urteetan gertatu legez. Izan ere, Aperribayk % 100etik gertu egon den babesa jaso du aurretiko batzarretan, erakundeak azaldu duen ekonomia osasuntsua dela medio. Dena dela, taldeak egun bizi duen kirol egoerak bultzatuta (sailkapenaren erdialdean dago 19 punturekin, 15 jardunaldi jokatu eta gero), gerta daiteke zenbait bazkidek kontrako jarreraren bat agertzea.
Bigarren aldia da klubaren historian zehar diru-sarreren aurrekontua 100 milioitik gorakoa izango dena. Horren arrazoi nagusia telebisten gorakada nabarmena da, horietatik eratorritako kopurua aurrekontu berriaren % 50 baino gehiago izango baita. Horri eta beste zenbait diru-sarrerei esker, 8 milioi euroko superabita aurkeztuko du klubak.
Horrenbestez, aurrekontuan, telebisten diruaz gain, zenbait jokalariren salmentatik lortutako dirua era badago islatuta, tartean, Real Madrili Alvaro Odriozola saltzetik eskuratutakoa.
Bestalde, klubak inoizko ahalegin handiena egin behar du egungo taldeko jokalarien soldatak ordaintzeko; hain zuzen ere, 61 milioi euro bideratu behar ditu fitxak pagatzera.
Joan zen urtean Aperribayk bazkideen % 98ko babesarekin atera zituen aurrera bere kontuak. Horrez gain, beste bost urtez presidente karguan jarraitzeko oniritzia jaso zuen.