Igandean, 18:30ean
Erronka zaila du Imanol Alguacilen Realak, Santiago Bernabeun
Agentziak | Erredakzioa
Donostiarrek jokatutako azken lau partidak galdu dituzte eta bolada horri amaiera jarri nahi diote. Real Madrilek, berriz, emaitza ona nahi du bere zaleen aurrean, Vila-realekin berdindu ostean.
Realak garai berri bati emango dio hasiera Imanol Alguacil entrenatzaile duela, zuzendaritzak Asier Garitano Eguberri egunaren biharamunean, emaitza txarren ondorioz, kargutik kendu ostean. Orioko entrenatzaileak bigarren aldiz zuzenduko du lehen taldea, iaz martxotik maiatzera lan horietan aritu baitzen, Eusebio Sacristanen kargugabetzearen ostean.
Aurretik erronka zaila du Alguacilek: azken lau partidak galdu dituen taldearen ibilbidea zuzentzea. Azken porrota Alavesen aurkako derbian jaso zuten (0-1). Hori gutxi ez balitz, gipuzkoarrek gol bakarra egin dute lau partida horietan.
Hori guztiaren ondorioz, donostiarrek hiru puntuko errenta dute soilik jaitsierako postuekin.
Imanolek baja ugari ditu: Sandro Ramírez, Merquelanz, David Concha, Kevin Rodrigues, Gorosabel eta Miguel Angel Moyá atezaina. Hori dela eta, Gero Rullik defendatuko du txuri-urdinen artean. Theo Fernandezek ere ezin du partida jokatu, Real Madrilek utzitako jokalaria denez, 'beldurraren klausulak' jokatzea debekatzen diolako.
Real Madrilek, berriz, Vila-realen aurkako berdinketa ahaztu eta 2018 urteko azken hilabeteetako irregulartasunarekin amaitu nahi du.
Gareth Bale min hartuta dago eta Isco Alarconek jokatuko du bere ordez.
Ustezko hamaikakoak
REAL MADRIL: Courtois; Carvajal, Varane, Ramos, Marcelo; Casemiro, Kroos, Modric; Isco, Lucas Vázquez eta Benzema.
REALA: Rulli; Zaldua, Héctor Moreno, Diego Llorente, Aihen; Illarramendi, Zubeldia, Januzaj, Zurutuza, Oyarzabal; eta Willian Jose.
EPAILEA: Munuera Montero (andaluziarra).
ESTADIOA: Santiago Bernabeu.
ORDUA: 18:30ean.