ERREGE KOPA
Reala, etxetik kanpo Kopan daukan madarikazioaren aurrean
AGENTZIAK | eitb.eus
Talde txuri-urdinak lau urte daramatza Anoetatik urruti Lehen Mailako talde bati irabazi ezinda Kopako Txapelketan.
Oraindik ere Santiago Bernabeun asteburuan lortu zuen garaipenaren (0-2) aho-zapore gozoarekin jarraitzen du Realak, baina, aldi berean, Betisen aurka lehiatu behar duen Errege Kopako final-zortzirenetako kanporaketa ari da prestatzen. Imanolek zuzentzen duen taldeak Benito Villamarinera bidaiatu behar du ostegun honetan.
Ez dute erronka samurra izango donostiarrek, lau urte baitaramatzate Anoetatik urruti Lehen Mailako talde bati Kopan irabazi ezinda. Azken garaipena 2014an lortu zuten, Vila-reali 0-1 irabazi ziotenean, Javi Rosen gol bati esker. Garaipen horrekin kanporaketa gainditu eta final-laurdenak jokatu zituzten txuri-urdinek urte hartan.
Aipatu norgehiagoka hori Anoetatik kanpo Realak txapelketa horretan eskuratu duen garaipen bakarrenetakoa da urte luzez. Izan ere, etxetik urruti irabazitako beste partida bat aurkitzeko, 1999ra arte egin behar dute jauzi zale txuri-urdinek.
Urte hartan, Vicente Calderonen gailentzea lortu zuen Realak (0-1), Igor Cvitanovic aurrelari kroaziarraren golari esker. Aitzitik, donostiarrek ezin izan zuen aurrera egin kanporaketan, Anoetan jokatutako joanekoan 1-2 galdu baitzuten.
Horrenbestez, gipuzkoarrek ez dute oso ibilbide oparoa izan Kopan azken urteetan, finalerdietara iritsi ziren 2014ko ekitaldian izan ezik. Esaterako, joan zen denboraldian, Bigarren B mailako Lleidak kanporatu zuen Reala.