ERREGE KOPA
Betisek final-laurdenik gabe utzi du Reala (2-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arerioaren zelaian sartutako golen balio bikoitzak hurrengo kanporaketan egotea ahalbidetu die andaluziarrei, nahiz eta ez duen partidarik galdu.
Reala Errege Kopatik kanpo geratu da ostegun honetan, Betisen aurka bina egin ostean Anoetan (2-2), parekatua izan den neurketan.
Talde biek patxadatsu ekin diote partidari, baloiaren jabetza trukatuz, baina aurkariaren atera arriskuarekin hurbildu gabe.
Etxekoen lehendabiziko aukera garbia lehen ordu laurdena bete denean heldu da, korner batean. Oyarzabalek baloia buruz eman dio Merinori eta nafarrak ez du asmatu Joelen aurrean, dena alde zuela zirudien arren.
Betis erasokorrago aritu da lehen zatiko azken minutuetan. Lehenengo ahalegina Tellorena izan da, baina Moyak ondo gelditu du. Hurrengoan baina, Tellok berak Loreni eman dio area barruan, eta hark Canalesi utzi dio bere talde ohiaren aurrean gola eder bat sar zezan (37. min).
Horren aurrean, Reala bi gol egitera behartuta zegoen kanporaketa gainditu ahal izateko, eta berehala lortu du lan erdiak egitea. Izan ere, bi minutu geroago (39. min), Zubeldiak, beste korner batean, jokaldi aparta egin du area barruan, eta berdinketaren gola sartu du.
Atsedenalditik bueltan, Reala nagusi izan da, eta arriskua eraman du sevillarren atera, batez ere Zubeldiak urrunetik egindako jaurtiketa batekin.
Kanporaketa alde jarri zaie txuri-urdinei bigarren zatiaren erdialdera. Willian Josek eta Januzajek jokaldi ona sortu dute, eta belgikarrak bigarren zutoinera egin duen erdiraketak Merinoren burukada aurkitu du baloia sareetara eramateko (61. min).
Haatik, poztasunak ez du gehiegi iraun Anoetako harmailetan, Lorenek berdinketa erdietsi baitu handik gutxira (69. min).
Gol horrek min handia egin dio Realari. Azken txanpan presionatzen saiatu bada ere, azkenerako ez du lortu final-laurdenetan egotea ahalbidetu izango zion gola sartzerik.
Fitxa teknikoa:
Reala 2: Moya, Zaldua, Le Normand (Juanmi, 86. min), Hector, Theo, Illarramendi, Zubeldia, Merino, Januzaj (Sandro, 71. min), Oyarzabal eta Willian Jose.
Betis 2: Joel, Bartra, Javi Garcia, Mandi, Tello, Canales, Willian Carballo, Barragan, Joaquin (Feddal, 78. min), Lo Celso eta Loren Moron (Sergio Leon, 90. min).
Golak: 0-1, 37. min: Canales. 1-1, 39. min: Zubeldia. 2-1, 61. min: Merino. 2-2, 69. min: Loren
Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel gorria atera dio Lo Celsori, bi txartel hori ikusteagatik. Txartel horiak: Le Normand, Januzaj, Hector eta Illarramendi (Reala); Loren Moron eta Barragan (Betis).