Anoetan
Reala-Malaga (0-2): Porrot mingarria azken sailkatuaren kontra
Erredakzioa
Ahalegin handiegirik egin gabe, Pellegriniren taldeak urrezko hiru puntu eskuratu ditu Duda eta Rondon jokalarien golekin. Txuri-urdinen unerik gozoenean sartu du Malagak 0-2koa.
Porrot mingarria jaso du Realak etxean, Anoetan, Malaga BBVA Ligako sailkapen nagusiko azken sailkatuaren aurka (0-2). Golegileak Duda eta Rondon izan dira.
Gris kolorekoa izan da lehen zatia Donostiako taldearentzat. Hasi eta berehala aukera ona izan du Prietok eta taldea baloiaren jabetza eskuratzen saiatu da, baina kostata mugitu du baloia eta, gainera, errazegi galdu du.
Partidak ez zuen jabe argirik eta bat-batean Malagaren gola heldu da. Dudak arean jarri du baloia, ez du inork errematatu, baina Claudio Bravo ez da heldu. 25. minutua zen eta bisitariak 0-1 ziren nagusi.
Realaren susperraldia ez da nahiko izan, baina Zurutuzak eta Tamudok banakoa lortzeko abagune bana izan dute. Aurreneko jokaldian Caballero atezainak saihestu du eta bigarrenean jokalari katalanaren hutsa izan da.
Indartsu zelairatu dira Martin Lasarterenak atsedenaldiaren ostean, baina txuri-urdinen unerik gozoenean 0-2koa sartu du Malagak. Eliseuk erdiratu eta Rondonek gol polita egin du buruz.
Minutuek aurrera eta Realak ezin. Lasartek aldaketak egin ditu eta Sarpong, Elustondo eta Agirretxe zelairatu dira, baina talde txuri-urdina ez da markagailuari buelta emateko gai izan.
Fitxa teknikoa:
0.- Reala: Bravo; Estrada, Mikel González, Ansotegi, De la Bella; Rivas (Elustondo, 65''), Aranburu (Agirretxe, 78''), Xabi Prieto, Griezmann, Zurutuza (Sarpong, 65''); Tamudo.
2.- Malaga: Willy Caballero; Gaspar, Wellington, Kris, Eliseu; Recio, Apoño, Duda (Maresca, 75''), Portillo (Sandro Silva, 66''); Seba (Obuwu-Abeye, 84'') eta Rondon.
Golak:
0-1, 25''. Duda.
0-2, 57'': Rondon.
Horrelakoa izan da partida eitb.com-en