5-2
Realak jipoia jaso du Sanchez Pizjuanen
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak 5-2ko emaitzarekin galdu du Sevillaren aurka. Oyarzabalek bi gol sartu ditu, eta beste bat bere atean. Sarabia eta Ben Yedder (hat-tricka) izan dira Sevillaren golegileak.
Realak porrot gogorra jaso du Sevillaren aurka (5-2) Sanchez Pizjuanen, Andaluziako taldea txuri-urdinen aurkari zuzena baitzen Europarako postuetan sartzeko lehian.
Sevilla erasokor zelairatu da. Reala, aldiz, atzean sendo egoteko helburuarekin, aurkariaren zain. Ben Yedderrek arriskua eraman du txuri-urdinen atera, baina Realak ez du gehiegi sufritu. Hala ere, Sevillaren ekinak saria jaso du 25. minutuan Sarabiak buruz sartu duen golaren bitartez (1-0).
Maldan gora jarri zaio neurketa Realari, baina Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak azkar erreakzionatu du, eta neurketa berdindu du hiru minutu beranduago, Oyarzabalek sartutako golari esker (1-1).
Lehen zatia amaitu orduko, Donostiako taldeak aldaketa egin behar izan du, Zaldua lesionatu egin baita. Imanol Alguacil entrenatzaileak Aritz Elustondo zelairatu du haren ordez.
Bigarren zatiari ere bizi ekin dio Sevillak. Raul Navasek gola eragotzi du atepetik baloia aterata, Rullik erantzun bikaina eman dio Mercadoren jaurtiketari, baina hirugarren abagunean, Ben Yedderrek 2-1ekoa sartu du.
Merezita lortu du Sevillak bigarren gola sartzea, eta erasora jotzen jarraitu du. Reala ezinean ibili da, eta etxeko taldeak 3-1ekoa sartu du 58. minutuan; Munir El Haddadiren erremateak langa jo du, zalantza egon da baloia Rulliren atean sartu den ala ez, baina Ben Yederrek sare barruan sartu du (3-1), zalantza guztiak bertan behera utzita. Gainera, ia jarraian, Sevillak 4-1ekoa sartu du. Ben Yedder izan da golegilea, hat-tricka lortuta.
Reala lur jota geratu da bigarren zatiaren hasieran, eta aurkaria gainetik pasa zaio. Dena txarto atera zaio talde txuri-urdinari, eta, Oyarzabalek bere atean sartu du gola (5-1), 69. minutuan.
Jada erabakita egon da partida. Reala saiatu da emaitza txukuntzen, eta Oyarzabalek penaltiz sartu du 5-2koa, 77. minutuan. Amaierako minutuetan, Sevillak beste golen bat sartzeko aukera izan du, baina 5-2ko emaitzarekin amaitu da neurketa.
Fitxa teknikoa:
5 - Sevilla: Juan Soriano; Jesus Navas, Mercado, Carriço, Sergi Gomez, Promes; Sarabia, Ever Banega (Bryan, 75. min), Roque Mesa; Munir (Andre Silva, 71. min) eta Ben Yedder (Gonalons, 73. min).
2 - Reala: Rulli; Zaldua (Aritz Elustondo, 31. min), Moreno, Raul Navas, Theo; Zubeldia, Ruben Pardo (Zurutuza, 56. min), Merino, Oyarzabal; Juanmi (Januzaj, 70. min) eta Sandro.
Golak: 1-0, 25. min: Sarabia. 1-1, 28. min: Oyarzabal. 2-1, 48. min: Ben Yedder. 3-1, 58. min: Ben Yedder. 4-1, 61. min: Ben Yedder. 5-1, 69. min: Oyarzabal, bere atean. 5-2, 77. min: Oyarzabal, penaltiz.
Epailea: Ignacio Iglesias Villanueva. Txartel hriak atera dizkie Zubeldia (31. min) eta Raul Navas (43. min) Realeko jokalariei, baita Munir (47. min) eta Carriço (81. min) Sevillako futbolariei.