28. jardunaldia
Realak berdindu baino ezin izan du egin Levanteren aurka (1-1)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Januzajek aurretik jarri ditu txuri-urdinak lehen zatian, baina Borja Mayoralek markagailua orekatu du 79. minutuan.
¿Realak berdindu egin du (1-1) ostiral honetan Levanteren aurka, Anoetan, Ligako 28. jardunaldiari zegokion partidan. Puntu bakar horrek mantsotu egin ditu txuri-urdinen helburuak, ez baitu Europako postuetara guztiz hurbiltzerik lortzen.
Etxeko taldeak norgehiagokako ekimena bereganatu su hasieratik, Oyarzabal, Sandro eta Januzajen erasoko jokaldiei esker. Hirurak ere buruhaustea bihurtu dira valentziarren atzeko lerroarentzat.
Horrela, partidaren lehen ordu erdia bete orduko, Theoren, Oyarzabalen eta Januzajen artean osatutako jokaldi eder batean, azken horrek aurretik jarri ditu donostiarrak zaleen gozamenerako. Belgikarrak Ligan sartzen duen lehendabiziko gola izan da, gainera.
Gol horren atzetik, Realaren unerik onenak etorri dira atsedenaldira heldu bitartean. Berreskuratu egin dute azken bi porrotek uxatutako konfiantza, eta Alguacilen taldea gustura ibili da zelaian. Levante, ordea, galduta zebilen, Januzaj nola gelditu asmatu ezinda.
Paco Lopezek zuzentzen duen taldeak zalantzekin ekin dio bigarren zatiari ere, nahiz eta galtzen joan. Realak, ordea, ildo beretik jarraitu du, eta bigarren gola sartzetik gertu egon da. Alabaina, Sandrok ez du asmatu area barrutik egin duen jaurtiketa batean, eta bere ahalegina kanpora joan da.
Levantek ez zuen ia arriskurik sortzen, baina geldikako jokaldi batean Rulli duda-mudaz aritu da baloi bat aldentzeko ahaleginean, eta Rochinak kale egin du atezain argentinarrak egindako oparia sare barrura bidaltzeko orduan.
Handik gutxira, Rullik gelditu on bat egin dio Lunari, Levantek lehia osoan egindako jokaldirik onenean, eta baloia kornerrera joan da.
Levanteren berdinketa iritsi baino lehen, partida irabaztea ekarri izango ziokeen golerako abagune paregabea izan du Realak, Bautistaren oinetan, hain justu ere. Oso ondo egin du jokaldia, atzelariei area barruan ezin hobeto izkin eginda; aitzitik, bere jaurtiketa Aitor Fernandezen zutoinaren albo-albotik atera da.
Haatik, Levantek ez du barkatu hurrengo aukeran. Korner baten irteeran Borja Mayoralek banakoa erdietsi du. 79. minutua zen, eta Reala bigarren golaren bila saiatu bada ere, antzu ibili da amaierara arte.
Fitxa teknikoa:
1 - Reala: Rulli, Zaldua, Aritz, Navas, Theo, Guevara, Zururutza, Merino, Oyarzabal, Sandro (Bautista, 65. min) eta Januzaj.
1 - Levante: Aitor Fernández, Ruben Vezo, Rober Pier, Chema (Postigo, 81. min), Coke (Moses Simon, 61. min), Rochina (Roger, 74. min), Campaña, Bardhi, Luna, Mayoral, Morales.
Epailea: Cordero Vega (Cantabria). Txartel horiak: Sandro et Merino (Reala); Ruben Vezo eta Chema (Levante).
Golak: 1-0, 26. min: Januzaj. 1-1, 79. min: Mayoral.