3-1
Realak bolada txarra moztu du, Betisi irabazita
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak 3-1eko emaitzarekin lortu du garaipena, eta azken bi porrotak atzean utzi ditu. Javi Garciak bere atean, Willian Josek eta Portuk sartu dituzte Realaren golak.
Your browser doesn't support HTML5 video.
Realak garaipena lortu du Betisen aurka (3-1), Reale Arenan jokatu duen Santander Ligako 9. jardunaldiko partidan. Ondorioz, talde txuri-urdinak 16 puntu ditu, eta Europako postuetan da.
Erasokor ekin dio neurketari Realak, arriskua eraman du lehen minutuetan Betisen ate ingurura, eta lehen abisua Zalduak eman du, kanpora joan den jaurtiketa baten bitartez, bosgarren minutuan. Betisek nahikoa zuen talde txuri-urdinaren erasoko jokaldiak gelditzen, baina izan duen lehen abagunean, Lorenek 0-1ekoa sartu du. Neurketako 12. minutuan, Barraganek pase ona sartu du areara, eta Lorenek ez du barkatu Remiro atezainaren aurrean. Gola hartu ostean, talde txuri-urdinak izan du baloiaren jabetza, abagune argirik sortu ez duen arren. Partidako 22. minutuan, ordea, Odegaardek falta bat atera, Betiseko defentsak aldendu, Monrealek berriro area txikian jarri du baloia, eta Javi Garciak bere atean sartu du gola (1-1). Berdinketaren ostean, Realak nagusi izaten jarraitu du, eta 36. minutuan bigarren gola sartu du talde gipuzkoarrak: Zalduak erdiraketa jarri du hegaletik, eta Willian Josek sartu du 2-1ekoa, Betiseko defentsa guztiei aurrea hartuta. Lehen zatiaren azken txanpan talde bakoitzak abagune bana izan du: Realarena, Portuk izan du, baina atezaina gaindituta zuenean, Alex Morenok atepetik atera du baloia. Betisek izan duen abagunean, Remiro atezainak eragotzi du talde andaluziarraren gola, Fekirren jaurtiketa desbideratuta.
Bigarren zatiaren hasieran ere nagusi izan da Reala. Oyarzabalek eman du lehen abisua, baina boleaz egin duen errematea kanpora joan da. Norgehiagokako 58. minutuan, Odegaardek pase loratua eman dio Oyarzabali, erdilariak bikain utzi dio baloia area barruan Porturi, eta honek 3-1ekoa egin du. Talde txuri-urdinak neurketa kontrolpean izaten jarraitu du hirugarren golaren ostean, baina 74. minutuan, Betis gola sartzetik gertu egon da Tellok langara bota duen jaurtiketaren bitartez. Ia jarraian. Joel atezainak eragotzi du Odegaarden gola. Joan-etorrikoak izan dira azken minutuak, eta talde biek abaguneren bat edo beste izan duten arren, ez dute aurkariaren ate aurrean asmatu, eta hiru puntuak Reale Arenan geratu dira.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Remiro; Zaldua, Le Normand, Zubeldia, Monreal; Guevara (Sangalli, min. 68), Merino, Odegaard; Portu, Willian José (Isak, min. 75), Oyarzabal (Barrenetxea, min. 83).
1.- Betis: Joel; Barragan, Mani, Bartra, Alex Moreno; Joaquin, Javi Garcia, Fekir, Canales (Guardado, 65. min); Loren eta Borja Iglesias (Tello, 65. min).
Epailea: Soto Grado. ATxartel hoiak atera dizkie Guevara, Zubeldia eta Odegaard Realeko jokalariei, baita Javi Garcia eta Joaquin Betiseko futbolariei.
Golak: 0-1, 12. min: Loren Moron. 1-1, min. 22: Javi Garcia (b.a.). 2-1, 36. min: Wilian Jose. 3-1, 57. min: Portu.