11. JARDUNALDIA
Levantek ezustekoa eman dio Realari etxean (1-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Willian Josek atsedenalditik bueltan sartutako gola ez da nahikoa izan bisitariek lehen zatiak sartutakoei buelta emateko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak galdu egin du asteazken honetan Levanteren aurka, Reale-Arenan jokatutako neurketan. Paco Lopezen taldeak bi gol sartu ditu lehen zatian Bardhi eta Mayoralen bidez, eta nahiz eta atsedenalditik bueltan Willian Josek markagailuko aldea murriztu duen, txuri-urdinek ez dituzte aprobetxatu gutxienez berdinketa lortzeko izan dituzten abagune anitzak.
Partida erritmo altuarekin hasi da, lehia trabatua izan zitekeela zioten aurreikuspenetatik urruti. Levante, ustekabean, golaren bila joan da zuzenean, eta lortzeko zorian izan da Moralesen erremate batean, baina Remirok saihetsi du geldiketa on bat eginda.
Bisitariek, baina, bere horretan jarraitu dute, eta Gonzalo Melerok beste aukera garbi bat izan du, gutxigatik gola izan ez dena. Ondoren, gol bat baliogabetu diete bisitariei, jokoz kanpo argi bategatik. Horrek guztiak ezinegona sortu du harmailetan, neurketaren kontrola Imanolen mutilena izan arren, valentziarrenak baitziren hurbilketa arriskutsuenak.
Dena den, Isak suediarrak gertu izan du etxekoen lehen gola, baina bere jaurtiketa Aitor Fernandezen eskuin zutoinetik aldenduz kanpora joan da ozta-ozta.
Alabaina, 24. minutuan, Levanteren gola heldu da, jardunaldiko goletako bat izan daitekeena. Bardhi mazedoniarra izan da golegilea, Levanteko lau jokalarik lehen ukituan jositako jokaldi baten ostean.
Reala zer egin jakin gabe geratu da, eta Paco Lopezen taldeak horixe bera baliatu du abantaila areagotzeko. Bardhik langara bidali du baloia hain ohikoa duen jaurtiketa horietako batean, baina aldaratzea area barruan bakarrik zegoen Mayorali iritsi zaio, eta ez du barkatu.
Etxekoen erreakzioa Imanol Alguacilek atsedenaldian egindako aldaketekin batera etorri da. Hala, gaurkoan hamaikakotik kanpo geratu den Willian Jose brasildarrak aldeak murriztu ditu markagailuan bigarren zatiari ekin eta berehala.
Gol horrek hauspotu egin ditu gipuzkoarrak, eta behin eta berriro arriskuz hurbildu dira Levanteren ate inguruetara. Horietako argienean, Portuk zutoinaren oztopoarekin egin du topo.
Azkenerako, Realak galdu egin du irabaztea espero zuen Levanteren kontrako lehia.
Fitxa teknikoa:
1- Reala: Alex Remiro, Gorosabel, Le Normand (Portu, 46. min), Llorente, Monreal, Zubeldia, Merino, Sangalli (Willian Jose, 46. min), Odegaard, Isak eta Oyarzabal.
2- Levante: Aitor, Clerc, Vezo, Postigo, Miramon; Bardhi (Coke Andújar, 85. min), Melero (Vukevic, 79. min), Radoja, Campaña; Morales eta Borja Mayoral (Roger Marti, 75. min).
Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak: Melero eta Clerk (Levante); Willian Jose, Zaldua eta Portu (Reala).
Golak: 0-1, 24. min: Bardhi. 0-2, 39. min: Borja Mayoral. 1-2, 47. min: Willian Jose.