Itxi

REALE ARENAN, 21:00ETAN

Realak Leganesi irabazi, eta behin-behineko lider gisa izan nahi du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txuri-urdinek Martin Odegaard norvegiarraren baja izango dute sailkapeneko azken taldearen aurka.

Alexander Isak Levanteren aurkako neurketan. Argazkia: EFE

Realak, Martin Odegaarden baja izan arren, sailkapeneko behin-behineko liderra izateko aukera paregabea du ostiral honetan, Leganes mendean hartzen badu.

Donostiako taldea ur aparretan dabil Granadan garaipena lortu ostean (1-2), baina orain bere zelaian sendoago aritzea tokatzen zaio, bertan jokatu dituen bost partidetatik bi galdu baititu. Aitzitik, zaleen aurrean dituen zalantza horiek uxatu egiten dira etxetik kanpo bidaiatzen duenean.

Partida honetarako, Imanol Alguacil entrenatzaileak Asier Illarramendi erdilariaren hutsunea izaten jarraituko du; Aritz Elustondo erdiko atzelaria, ordea, gertu izango du jokatzeko.

Dena den, ez da espero Imanolek aldaketa askorik egitea; akaso, Adnan Januzaj belgikarra sartuko du hasierako hamaikakoan.

Leganes Javier Aguirre entrenatzaile berriarekin iritsiko da, aste hasieran baieztatu baitzen mexikarrak Luis Cembranosen tokia hartuko zuela. Madrildarrek bost puntu bakarrik pilatu dituzte, orain arte jokoan izan dituztenak 36 izan arren, eta horrek sailkapeneko azken postuan kokatu ditu. Beraz, garbi dago zein izango den madrildarren asmoa hemendik aurrera: mailari eustea.

Helburu hori erdiesteko bidean, Leganesek garaipen bat lortu nahi du ahalik eta azkarren, nahiz eta egutegiak hiru jardunaldi zail ekarriko dizkion bata bestearen atzetik: lehendabizikoa, ostiral honetan, Reale Arenan; gero, Bartzelona hartuko du etxean, eta, ondoren, Sanchez Pizjuanera joango da, Sevillaren aurka aritzeko.

Leganesek bajan ditu Alexander Szymanowski eta Marc Navarro, eta Ruben Perez eta Christian Rivera ere min hartuta daude. Jonathan Silvak, berriz, bost txartel hori pilatu ditu.

Balizko hamaikakoak:

Real Sociedad: Remiro, Zaldua, Le Normand, Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Portu, Januzaj, Oyarzabal eta Willian Jose.

Leganes: Cuellar, Rosales, Bustinza, Siovas, Jonathan Silva, Recio, Roque Mesa, Oscar Rodriguez, Braithwaite, En-Nesyri eta Carrillo.

Epailea: Martinez Munuera.

Futbol-zelaia: Reale Arena.

Ordua: 21:00.

Albisteak (3)