Itxi

Larunbatean, 16:00etan

Realak eta Eibarrek derbia irabazi nahi dute, azken porrotak ahazteko

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Iragan asteburuan, donostiarrek Santiago Bernabeun galdu zuten; Eibarrek, berriz, Alavesekin galdu zuen Ipuruan.

Arbilla eta Oyarzabal, aurreko derbi batean. Argazkia: Efe.

Realak eta Eibarrek gipuzkoarren arteko lehenengo derbia jokatuko dute aurtengo denboraldian, Reale Arena estadioan. Etxekoek azken partidetako bolada txarra eten nahi dute eta armaginek behar handiagoa dute, Alavesekin galdu eta jaitsieratik hiru puntura geratu ostean.

Reale Arenako berdeguna berriztu egin dute, zelaiaren egoera aitzakia izan ez dadin, azken partidetan gertatu bezala. Realak sailkapenean gorago egoteko hainbat aukera galdu ditu etxean, eta Donostiatik kanpo emaitza hobeak lortzen ari da. Imanol ez dago batere gustura egoerarekin, zale txuri-urdinek zelaia bete eta jokoarekin disfrutatzea nahi duelako.

Real Madrilen aurkako neurketarekin alderatuta, ez dago aurreikusita hamaikakoan aldaketarik egotea. Beraz, Martin Odegaard hasieratik egongo da eta William Jose aurrean, Dimitrovicen atea zulatzeko helburuarekin.

Partida San Andres Eibarreko patroiaren egunean jokatuko da eta armaginen zaleek ospakizuna harmailetara eramateko asmoa dute.

Ustezko hamaikakoak:

Reala: Remiro; Zaldua, Aritz, Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Portu, Willian José eta  Oyarzabal.

Eibar: Dimitrovic; De Blasis, Oliveira, Ramis, Cote; Orellana, Escalante, Diop, Inui, Sergi Enrich eta Kike García.

Epailea: Del Cerro Grande (Madrileko batzordekoa).

Estadioa: Reale Arena.  

Ordua: 16:00etan.

Albisteak (3)