Puntu banaketa
Realak puntu bat atera du Valladoliden hutsean berdintuta
Agentziak | Erredakzioa
Imanol Alguacilen taldeak partida bat hutsean berdindu du lehen aldiz denboraldi honetan, gola egiteko aukerak izna dituzten arren.
Realak eta Valladolidek hutsean berdindu dute Jose Zorrilla futbol zelaian jokatutako partida. Neurketa oso lehiatua jokatu dute; baloi aren jabetza gipuzkoarrena izan da baina etxeko taldea gogo handiz aritu eta Reala ezustean harrapatzen saiatu da.
Imanolen taldeak partidako lehen gola egiteko aukera izan du 10. minutuan, Willian Josek buruarekin egindako errematean, baina indar gutxi eman dio eta Masipek ez du arazorik izan baloia eskuekin harrapatzeko.
Baloiaren jabetza donostiarrek izan dute, defentsan presio handi eginda eta antolaketa ona erakutsiz. Horri esker, arriskua sortu dute Valladoliden arearen inguruan, baina gola sartzea lortu barik.
Egoera honetan, bi taldeek markagailuan aldaketarik eragin gabe iritsi dira atsedenaldira.
Bigarren zatian, Reala partida hausten saiatu da jokoari erritmo bizia emanez. Willian Josek neurketako aukerarik argiena izan du, baina, atea hutsik eta dena alde izan duen arren, ez du baloia sare barruan sartzen asmatu eta errematea gora joan zaio.
Etxeko taldeak ez du amore eman, eta golaren bila abiatu dira. 60. minutuan lortu dute, baina Sandro jokoz kanpo egon da eta epaileak baliorik gabe utzi du.
Mikel Oyarzabalek ere beste aukera bat izan du hiru puntuak Donostiara ekartzeko, baina baloia kanpora Joan zaio, oso gutxigatik.
Azkenean, berdinketarekin konformatu behar izan dute bi taldeek.
Fitxa teknikoa
0 - Valladolid: Masip; Moyano, Kiko Olivas, Salisu, Nacho (Pedro Porro, 65. min); Hervías (Óscar Plano, 70. min), San Emeterio, Míchel, Toni Villa; Guardiola eta Sandro (Anuar, 81. min).
0 - Reala: Ramiro; Gorosabel, Llorente, Le Normand, Monreal; Odegaard, Guevara, Merino; Portu (Barrenetxea, 90. min), Willian José (Isak, 69. min) eta Oyarzabal.