2-2
Realak eta Bartzelonak berdindu egin dute partida ikusgarri batean
Erredakzioa
Talde txuri-urdinak bina (2-2) berdindu du Barçaren kontra, Reale Arenan. Zaleek neurketa bikaina ikusteko aukera izan dute.
Realak bina (2-2) berdindu du Bartzelonaren aurka Reale Arenan jokatu duen Ligako 17. jardunaldiko partida. Bi taldeek ikuskizun bikaina eskaini dute, zaleen gozamenerako.
Baloiaren jabe izan da Reala hasieratik eta lehen abisua eman du bigarren minutuan, nahiz eta Portu ez den iritsi Oyarzabalen erdiraketa errematatzera. Lau minutu beranduago, Oyarzabalen jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da. Nagusi izan da talde txuri-urdina neurketaren hasieran, eta 10. minutuan epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du Busquetsek kamisetatik heldu diolako Llorenteri, hau errematea egitera zihoanean. Oyarzabalek 1-0ekoa sartu du, penaltiz Ter Stegen atezaina gaindituta.
Lehen gola hartu ostean etorri da Bartzelonaren erreakzioa, baina Remiro atezainak erantzun bikaina eman dio Luis Suarezen erremateari. Ondoren, Reala izan da nagusi berriro, abaguneak sortzea kosta zaion arren. Bartzelona sufritzen ibili da, baina, 38. minutuan Llorentek huts egin du baloiaren bila joaterakoan, Griezmann bakarrik geratu da Remiroren aurrean, eta, maisuki banakoa (1-1) sartu du.
Bigarren zatia oso txarto hasi da Realarentzat, Bartzelonak gola sartu baitu 49. minutuan; Messik pase luzea jaso du, area barruan sartu da, eta Luis Suarezek 1-2koa sartu du argentinarraren pase bikaina baliatuta.
Bigarren gola jasotzeak min egin dio talde txuri-urdinari, eta Barçak neurketa erabakita uzteko aukera izan du; hala ere, Remiro atezainak Griezmannen errematea desbideratzea lortu du. Geroago, Zubeldiak atepetik atera du Piqueren burukada. Bi susto hauek gaindituta, Realak baloiaren jabetza berreskuratu du, eta berriro arriskua sortzen hasi da Bartzelonaren ate inguruan. Horrela, 62. minutuan, Ter Stegen atezainak ez du ondo desbideratu Monrealen erdiraketa, eta Isakek sare barrura bultzatu du baloia (2-2).
Partida berdindu ondoren, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea izan da jaun eta jabe, 70. minutuan gola sartzetik gertu egon delarik; Ter Stegenek gaizki desbideratu du baloia jokaldi horretan ere, nahiz eta txuri-urdinek ez duten gola sartzea lortu. Azken txanpan garaipenaren bila jo du Realak, baina abagune argirik sortu gabe. Neurketa irekia izan da amaierako minutuetan, bi taldeek abagune argiak sortu ez dituzten arren. Gauzak horrela, bina berdinduta (2-2) bukatu da norgehiagoka Reale Arenan.
Ustezko hamaikakoak:
Reala: Remiro; Zaldua, Zubeldia, Diego Llorente, Monreal; Guevara, Merino, Odegaard, Portu (Januzaj, 59. min); Oyarzabal (Barrenetxea, 85. min) eta Isak (Willian Jose, 66. min).
Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Pique, Lenglet, Jordi Alba (Semedo, 74. min); Busquets (Aleña, 74. min), Rakitic (Arturo Vidal, 79. min), De Jong; Messi, Luis Suarez eta Griezmann.
Golak: 1-0, 12. min: Oyarzabal, penaltiz. 1-1, 38. min: Griezmann. 1-2, 49. min: Luis Suarez. 2-2, 62. min: Isak.
Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera dio Luis Suarez (74. min) Bartzelonako jokalariari.