Itxi

Santander Liga

Realak eta Athleticek sailkapenaren goialdean amaitu dute urtea

Erredakzioa

Leer en Castellano

Talde txuri-urdina bosgarren postuan da 31 punturekin, eta zuri-gorriak zazpigarren daude, 28 punturekin.

Iñigo Martinez eta Odegaard, Athletic Club-Reala derbian. Argazkia: EFE

Reala eta Athletic Club Santander Ligako sailkapenaren goialdeko postuetan daude, 18. jardunaldiren ostean. Talde txuri-urdina bosgarren postuan da 31 punturekin, hau da, Europa Ligako postuetan. Zuri-gorriek, aldiz, zazpigarren postua betetzen dute, 28 punturekin.

Lehen itzulia bukatzeko jardunaldi bat falta denean, Reala Europa Ligako postuetan da, Txapeldunen Liga jokatzeko txartela ematen duen laugarren postutik (Atletico Madril) puntu bakarrera, eta hirugarren postutik (Sevilla) hiru puntura. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea joko-maila bikaina eskaintzen ari da, zaleen gozamenerako, eta Ligan gol gehien sartu dituen hirugarren taldea da, Bartzelona (47 gol) liderraren eta Real Madril (33 gol) bigarren sailkatuaren atzetik. Bederatzi garaipen, lau berdinketa eta bost porrot erdietsi ditu talde donostiarrak. Gainera, aise gainditu zuen Errege Kopako lehen kanporaketa, Becerrili 0-8 irabazita.

Athleticek ere emaitza bikainak lortu ditu lehen 18 jardunaldi hauetan. Talde zuri-gorria Europa Liga jokatzeko txartela ematen duen seigarren postutik (Getafe) bi puntura dago. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak ez du joko ikusgarria eskaintzen, baina bai praktikoa eta eraginkorra. Orain arte Ligan gol gutxien jaso dituen bigarren taldea da, 12 gol hartuta; Real Madrilek hartu dituen beste, eta, Atletico Madrilek soilik hartu ditu gutxiago (11). Guztira, zazpi garaipen, zazpi berdinketa eta lau porrot erdietsi ditu. Errege Kopan, arazorik gabe gainditu zuen lehen kanporaketa, Intercity 0-3ko emaitzarekin mendean hartuta.

Albisteak (2)