KOPAKO FINALERDIAK
Realak finalerako txartela bideratu nahi du gaur, Mirandesen aurka
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxean bizi duten bolada ona baliatu nahi dute donostiarrek Anduvara abantailarekin joateko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Realak Mirandes hartuko du ostegun honetan, Errege Kopako finalerdietako lehen partidan, hau da, 1987an azken aldiz irabazi zuten garaikurrarengatik borrokatzeko azken aurreko oztopoa izango dute aurrez aurre txuri-urdinek. Dena dela, zuhurtzia handiz jokatu beharko dute donostiarrek, Bigarren Mailan ari den Burgosko taldearen aurrekariak kontuan hartuta.
Hain zuzen ere, Celta, Sevilla eta Vila-real ere faborito ziren Bigarren Mailan ari den Mirandako taldea bide bazterrean uzteko, baina Anduvan jokatutako partida bakarreko kanporaketek bestelako amaiera izan zuten.
Alabaina, orain, joaneko eta itzuliko partidekin, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldearen aukerak areagotu egiten dira. Gainera, gipuzkoarrak sasoiko iritsi dira otsailera, eta euren aukerez konbentzituta. Hartara, albo batera geratu dira 2004ko mamuak, orduko hartan, bien artean izan den aurrekari bakarrean, Reala Kopatik kanpo geratu baitzen Miranda de Ebron, penaltietan.
Reale Arena, gainera, gotorleku bihurtu da, donostiarrek lau garaipen lortu baitituzte jarraian Liga eta Kopa kontuan hartuta.
Hamaikakoari dagokionez, Kopan ohikoa den Andoni Gorosabel hegalekoa zigortuta dago, eta Zalduak hartuko du bere lekua. Erasoan, berriz, Januzaj belgikarrak aukera izan dezake, txapelketa honetan distira egiten ari delako (4 gol), Ander Barrenetxea taldeko jokalari gazteenak bezala.
Martin Odegaard ere jokatzeko gertu izango da, Real Madrilen aurkako final-laurdenetan jasotako kolpe baten ondorioz euskal derbian jokatu gabe egon ostean. Mikel Oyarzabal, ordea, duda-mudan egongo da azken unera arte, asteazkenean ez baita taldekideekin batera entrenatu, ondoezen batek jota.
Igandean atseden hartu zuen Nacho Monreal ezker hegalera itzuliko da, eta erasoko puntan momentuko gizonak jardungo du: 20 urterekin Donostia erabat aztoratuta daukan den Alexander Isak suediarrak, alegia.
Mirandes, berriz, historia egiten jarraitzeko asmoarekin joango da Donostiara. Zilarrezko mailatik bizirik iraun duen talde bakarra bere ibilbidean bigarren aldiz finalerdi batera itzuliko da, eta emaitza on bat ateratzeko xedearekin zelairatuko da Reale Arenan, Anduva magikoan beste mirari bat egiten saiatzeko.
Partida berezia izango da talde gorritxoan ari diren hiru jokalarirentzat: Jon Guridi, Martin Merquelanz zein Modibo Sagnan Realekoak dira, baina Mirandesen ari dira denboraldi honetan, utzita.
Lehendabiziko biek leku finkoa daukate Andoni Iraolaren hamaikakoan; frantziarraren lagapena, aldiz, neguko merkatuan gauzatu zen, eta oraindik ez da Iraolaren asmoetan sartu.
Mathieu aurrelaria Isaken golen kopurura heltzen saiatuko da (Realeko aurrelaria da txapelketako golegile nagusiena); izan ere, brasildarra funtsezkoa da Iraolaren taldearentzat, eta atsedena izan zuen Sportingen aurkako Ligako neurketan.
Iraolak ezin izango ditu Enric Franquesa eta Carlos Julio zelairatu, hegaleko jokalari biek min hartuta jarraitzen baitute.
Balizko hamaikakoak:
Reala: Remiro, Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal, Zubeldia, Merino, Odegaard, Januzaj, Isak eta Oyarzabal.
Mirandes: Limones; Alexander, Sergio, Odei, Kijera, Guridi, Malsa, Merquelanz, Alvaro Peña, Alvaro Rey eta Mathieu.
Epailea: Gil Manzano (Extremadura).
Futbol-zelaia: Reale Arena.
Ordua: 21:00.