Lesioa
Nahikari Garciak bihurritua du eskuin hankako orkatilan
Erredakzioa
Realeko aurrelariak bigarren graduko bihurritua du eskuin orkatilan, eta ez da Espainiako selekzioarekin joango.
Nahikari Garcia Realeko jokalariak bigarren graduko bihurritua du eskuin hankako orkatilan, astearte honetan talde txuri-urdineko mediku zerbitzuek jakinarazi dutenez. Ondorioz, ez da Espainiako selekzioarekin joango SheBelieves kopa jokatzera.
Otsailaren 24an, Espainiako selekzioaren deialdia eman zenean, Realeko aurrelaria jokatzeko sasoi onean egongo zela uste zuen Jorge Vilda hautatzaileak, nahiz eta Nahikarik molestiak izan zituen orkatilan Deportivo Abancaren aurkako partidaren ostean. Gainera, igandean hasieratik jokatu zuen Atletico Madrilen aurka, baina atsedenaldian ordezkatu behar izan zuen Gonzalo Arconada entrenatzaileak.
Urnietako jokalaria bi hilabetez egon zen jokatu ezinda eskuin hankako eskafoideko lesioagatik, eta, beste lesio honen eraginez, jarraikortasunik izan gabe segituko du. Realak eskaini duen osasun-parteak ez du argitu sendatze-epea zenbatekoa izango den.