KONTRATU-BERRITZEA
Le Normandek 2024ra arte jarraituko du Realean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzelari gazteak bi urtez luzatu du bere aurreko kontratua. Aurtengo denboraldian 28 lehia jokatu ditu orain arte, Liga eta Kopa kontuan hartuta.
Robin le Normand Realeko jokalariak 2024ra arte luzatu du Donostiako taldearekin duen kontratua, orain artekoa baino bi denboraldi gehiago. Bere asmoa futbolari gisa "hazten jarraitzea" da, klubarekin berarekin batera.
23 urteko atzelariak denboraldi honetan egin du debuta lehen taldeko jokalari gisa, eta lekua lortu du Imanol Alguacilen hamaikakoan. Aurten, orain arte, 28 lehiatan aritu da, Liga eta Kopa kontuan hartuta.
Le Normand oso harro agertu da txuri-urdinekin zuen lotura luzatu izanaz, hori baita berak nahi zuena, eta orain iraupen luzeko kontratu batekin klubak bere gain jarritako "konfiantza itzuli" nahi du.
Jokalari frantziarrak klubaren webgunean esan duenez, kontratua berritzea "taldekideekin eta teknikariekin batera egindako lan handiaren emaitza da", eta "hazten lagundu didate", azpimarratu du.
Le Normanden helburua Europarako sailkapena eskuratzea da, eta, horri dagokionez, "taldeak ahalegin guztia egingo du hori lortzeko", zehaztu du.