36. JARDUNALDIA
Realak irabazi egin dio Vila-reali eta Europarako postuan da berriro
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Willian Joseren eta Llorenteren bi burukadek garaipena eman diete txuri-urdinei Zeramikaren estadioan. Hala, donostiarrek 54 puntu dituzte eta Europako postuetan daude berriro.
Realak garaipen garrantzitsua lortu du Vila-realen aurka (1-2) Zeramikaren Estadioan, Europan jokatzeko lehian. Donostiarrak hobeak izan dira partida osoan zehar eta mendean hartu dute talde horia.
Gipuzkoarrek intentsitate handiz ekin diote partidari, presio itogarria eginez. Bitartean, Vila-realek baloia ondo ukituz gainditu nahi zuen presio hori, gipuzkoarren gol aukerak ekiditeko.
Hala eta guztiz ere, partidako hamabigarren minutuan iritsi da bisitarien lehen abagune bikaina, bikoitza: lehenik, Gorosabelen erremateak Asenjoren erantzun on batekin egin du topo; dena den, are ikusgarriagoa izan da Isaken boleari atezainak emandako erantzuna.
Partidak aurrera egin ahala, Realak ideia argiagoak erakutsi ditu. Horren adibide izan da Vila-realek ez duela 24. minutura arte Moyaren atearen aurrean saiakerarik egin. Orduan, Ontiverosen jokaldi on batean, andaluziarra area barruan sartu da eta eskuin oinaren barrualdearekin egindako erremateak donostiarren atezainak alderatu du.
Lehen zati horretako azken partean, Vila-real bisitarien nagusitasunetik askatu da pixka bat, baina Imanol Alguacilen taldeak jokoa kontrolatzen jarraitu du, eta gola lortzeko zorian egon da.
Bigarren zatia lehenengoaren antzera hasi da, Realak eutsi egin baitio goian egiten zuen presioari, Javi Callejaren taldearen jokoa nabarmen oztopatzen zuena.
Haatik, minutuek aurrera egin ahala, Realaren presioak behera egin du, lehen zatiko eta bigarreneko hasierako ahaleginen ondorioz eta beroaren poderioz. Horren aurrean, Vila-realek metroak aurreratu ditu, Callejak egindako aldaketen bultzadarekin, eta, une batez, Realaren nagusitasuna txikitzea lortu du etxeko taldeak.
Hala ere, Vila-realek hobera eta bisitarien intentsitateak behera egin arren, Realak ordura arte egindako ahalegin handiagoak saria jaso du 61. minutuan, korner batean, Willian Josek buruz sartutako golari esker.
Vila-realek berehala erreakzionatu beharrean, Reala izan da partida erabakita uztetik gertu egon dena: lehenengo, 64. minutuan, Llorentek errematatzen asmatu ez duen beste korner batean, eta, gero, 70.ean, Asenjok oinarekin estutasun handiz atera duen kontraeraso batean.
Partidak erritmoa berreskuratu du bisitarien golarekin, eta horrek mesede egin dio Realari. Azkenerako, abantaila handitzeko helburua lortu du, Diego Llorentek buruz errematatu duen beste korner batean.
Realak ez dio bultzatzeari utzi, nahiz eta abantaila izan, baina Vila-realek aldea murriztea lortu du Santi Cazorlaren golarekin, eta partidako lehian sartu da. Dena den, txuri-urdinek espero baino estutasun gutxiagorekin amaitu dute neurketa, eta hiru puntuak eskuratu dituzte.
Fitxa teknikoa:
1 - Vila-real: Asenjo, Ruben Peña, Albiol, Pau Torres, Alberto Moreno, Trigueros (Baena, 76. min), Anguissa, Moi Gomez (Bruno, 62. min) Cazorla, Ontiveros (Mario Gaspar, 89. min) eta Fer Niño (Chukwueze, 46. min).
2 - Real Sociedad: Moya, Gorosabel, Llorente, Le Normand, Nacho Monrea (Aihen Muñoz, 85. min), Odegaard (Zubeldia, 64. min), Zubimendi, Mikel Merino, Oyarzabal, Barrenetxea (Portu, 52. min) eta Isak (Willian Jose, 46. min).
Golak: 0-1, 61. min: Willian Jose. 0-2, 75. min: Llorente. 1-2, 84. min: Cazorla.
Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Ontiveros (Vila-real); Mikel Merino eta Le Normand (Real Sociedad). Realeko prestatzaile fisikoari txartel gorria atera dio.