Sanchez-Pizjuan futbol zelaian
Sevilla-Reala (1-0): Denboraldiko aurreneko porrota
Erredakzioa
Montanierren mutilek ezin izan dute talde andaluziarra gainditu gol aukera gutxi sortu dituztelako. 1-0ekoa Kanoutek lortu du bigarren zatiko 7. minutuan eta Realak ezin izan du markagailua irauli.
Txuri-urdinek denboraldiko aurreneko porrota jaso dute Sevillaren aurka. Realak gol aukera gutxi sortu ditu eta defentsan arazo larriak izan ditu talde andaluziarra gelditzeko. 53. minutuan Kanoutek 1-0ekoa jarri du markagailuan eta Marcelinoren mutilek erabakita utzi dute norgehiagoka. Xabi Prietok eta Zurutuzak min hartu dute eta zelaia utzi behar izan dute.
Lehenengo zatian bi taldeak ondo kokatuta mantendu dira berdegunean, baina Realak gol aukera gutxi sortu ditu. Norgehiagokako lehen abagunea Trochowskik izan du 4. minutuan, baina Sevillako jokalariaren jaurtiketa kanpora joan da. Donostiarrek presio ona egin dute aurrealdean eta baloiaren jabetza mantendu dute hasierako miutuetan. Hala ere Reala ez da Varasen ate ingurura heldu eta andaluziarrek partidaren kontrola bereganatu dute.
Marcelinoren mutilek arriksua sortu dute Claudio Bravoren ate inguruan eta txuri-urdinek lerroak atzeratu behar izan dituzte. Xabi Prietok min hartu du eta bere ordez Cadamuro jarri du Montanierrek. Lehenengo zatiko azken minutuetan arazo larriak izan ditu Realak defentsan eta Sevillak markagailua aldatzeko aukera anitz izan ditu. Hala ere Gabi Medelen eta Navasen jaurtiketak ez dira sare barrura sartu eta atsedenaldira 0-0 joan dira.
Bigarren zatian Marcelinoren mutilek asko sakatu dute erasoan eta Kanoutek 1-0ekoa lortu du. Maliko aurrelariak ondo gainditu du Claudio Bravo atezaian norgehiagokako 53. minutuan eta Sevillak jokoaren kontrola bereganatu du. Montanierren mutilak ez dira talde andaluziarraren ate ingurura hurbildu eta Negredok 2-0ekoa lortzeko aukerak izan ditu.
Donostiarren aukerarik onena Iñigo Martinez gazteak izan du 69. minutuan, baina atzelariaren errematea kanpora joan da estrategiazko jokaldi eder batean. Zurutuzak min hartu du orkatilan eta bere ordez Montanierrek Imanol Agirretxe zelairatu du. Gipuzkoarrak berdinketa lortzen saiatu dira, baina abagune argienak Sevillako taldeak izan ditu. Jesus Navasek eta Escudek aukera onak izan dituzte, baina euren jaurtiketak ez dira sare barrura sartu. Azkenean hiru puntuak Sanchez-Pizjuan futbol zelaian gelditu dira eta Realak denboraldiko lehen porrota jaso du.
- Fitxa teknikoa:
1 - Sevilla FC: Javi Varas; Coke, Spahic, Escude, Fernando Navarro; Jesus Navas, Trochowski (Rakitic, 74. minutuan), Medel, Perotti (Armenteros, 83. minutuan); Kanouté (Del Moral, 68. minutuan) eta Negredo.
0 - Reala: Bravo; Carlos Martinez, Demidov, Iñigo Martinez, De la Bella; Aranburu (Illarramendi, 70. minutuan), Xabi Prieto (Cadamuro, 31. minutuan), Zurutuza (Agirretxe, 77. minutuan); Mariga, Griezmann; eta Ifran.
Gola: 1-0, 53. minutuan: Kanoute.