Ostegunean
Reala - Napoli, ikuslerik gabe
eitb.eus
11.472 lagunek eman zuten izena partida Reale Arenatik bertatik ikusteko.
Realak datorren osteguneko SSC Napoliren aurkako partida ikuslerik gabe jokatuko dela erabaki du. Pandemiaren bilakaerak okerrera egin duenez, zelaia bazkide kopuru mugatu bati irekitzeko plana bertan behera utzi behar izan dute, aurreikusita zegoen bezala, "beraz, Reale Arenara itzultzeko zain jarraitu beharko dugu".
Bizi den egoera larriak partida honetara joatea galaraztea deitoratzen du Realak, "baina inoiz baino zentzudunagoak izan behar dugu, eta gure zaleei dei egiten diegu egoeraren larritasuna gure gain har dezaten eta arduraz joka dezaten".
Aldi berean, "gure animo eta indar guztia helarazi nahi diegu zale txuri-urdinei. Oraingoz urrunetik jarraituko dugu taldearekin bat eginik, baina berandu baino lehen elkarrekin egingo dugu berriro".
Izena eman duten 11.472en artean kamiseten zozketa
Egoera delikatua izan arren, Reale Arenako estreinaldi europarrak ikusmin handia sortu zuen bazkideen artean, eta 11.472 lagunek eman zuten izena oraindik zehaztu gabeko edukiera baterako.
"Dena gutxi da gure bazkideak konpentsatzeko, baina aste honen amaieran zozketan parte hartu zutenen artean, talde napolitarraren aurrean jokatzeko deialdia osatzen duten futbolarien kamisetak, zozketatuko dira, beraien sinadurarekin".