Itxi

0-1

Realak lehen porrota jaso du Europa Ligan Napoliren aurka galduta

Erredakzioa

Leer en Castellano

Neurketa parekatua izan da, baina Politanok 55. minutuan sartu duen golak erabaki du lehia talde italiarraren alde (0-1).

Politano gola ospatzen eta Portu burumakur. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Napoliren aurka (0-1) Europa Ligako multzoen faseko bigarren jardunaldiko partidan, eta talde txuri-urdina hirugarren da F multzoko salkapenean hiru punturekin, Napolirekin berdinduta. AZ Alkmaar da liderra sei punturekin ostegun honetan Rijekari irabazi baitio (4-1). Kroaziarrak daude multzoko azken postuan, punturik gabe.

Neurketaren hasieran Realak izan du baloiaren jabetza, baina talde txuri-urdinari asko kosta zaio abaguneak sortzea. Napolik joko ikusgarririk egin gabe, gola sartzeko aukera onenak izan ditu lehen zatian. Zazpigarren minutuan, talde italiarrak oso gertu izan du gola; Remiro atezainak huts egin du, eta Insigneren errematea kanpora joan da oso gutxigatik. Bost minutu beranduago, Mario Rui bakarrik geratu da Remiroren aurrean, baloia loratu du atezaina gaindituz, baina ez du atea zulatzea lortu. Gennaro Gattuso Napoli taldeko entrenatzaileak aldaketa egin behar izan du 20. minutuan, Insigne lesionatu egin baita; Hirving Lozano zelairatu da haren ordez. Realak lehen zatian izan duen abagune argi bakarra 24. minutuan iritsi da, atea topatu ez duen Mikel Merinoren erremate baten bidez. Ondoren, talde txuri-urdinak pare bat saiakera egin ditu area kanpotik jaurtita, baina Ospina atezainari lan egin arazi gabe.

Atsedenaldiaren ostean, Reala erasokor zelairatu da. Porturen bitartez estutasunetan jarri du Napoliren defentsako lerroa, baina txuri-urdinek abagune argiak sortu ezinda jarraitu dute. Bi taldeetako batek ere ez ditu gola sartzeko aukerak izan bigarren zatiko lehen 10 minutuetan, baina Napolik gola sartu du Remiroren ate ingurura gerturatu den lehen jokaldian; Politanok area kanpotik egin du jaurtiketa, eta Remiro gainditu du baloiak Sagnanengan jo ostean (0-1).

Talde italiarraren gola jaso eta gero, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak erasora jo du berdinketa lortzeko helburuarekin eta neurketako 66. minutuan abagune bikaina izan du; Portuk erremate bikaina egin eta Ospinak desbideratu du, gola eragotziz. Napoliko atezainaren erantzuna paregabea izan da. Hamaika minutu beranduago, 77.ean, Silvak pase bikaina eman dio Oyarzabali, Realeko kapitaina arean sartu da, eta oso gaizki jaurti du abagunea alferrik galduz.

Partida azken txanpan sartu denean, Napolik bigarren gola sartu du falta baten bidez, baina epaileak baloirik gabe utzi du talde italiarraren gola, Mario Ruik irrist egin baitu jaurtitzerakoan, eta bi aldiz jo baitu baloia. Realak ekinean jarraitu eta 87. minutuan erantzun du Ospinak gelditu duen Willian Joseren erremate batekin. Norgehiagokako 92. minutuan Oshimen egotzi du epaileak bigarren txartel horia erakutsi ostean, eta Napoli jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Hala ere, denbora gutxi falta zen partida amaitzeko, eta italiarrei garaipenak ez die ihes egin.

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Remiro; Monreal, Le Normand, Sagnan, Gorosabel (Barrenetxea, 77. min); Guevara, Merino (Zubimendi, 77. min), Silva; Oyarzabal (Guridi, 85. min), Portu (Bautista, 67. min) eta  Isak (Willian Jose, 67. min).

1- Napoli: Ospina; Hysaj, Maksimovic, Koulibaly, Rui; Bakayoko, Demme (Fabian, 89. min), Lobotka (Mertens, 61. mn); Politano (Di Lorenzo, 61. min), Petagna (Osimhen, 61. min) eta Insigne (Lozano, 22. min).

Gola: 0-1, 55. min: Politano.

Epailea: Craig Pawson (Ingalaterra). Osimhen Napoliko jokalara egotzi du 92. minutuan bi txartel horia aterata. Txartel horiak atera dizkie Le Normandi (Reala) eta Lozanori (Napoli).

Albisteak (3)